"Bermeon ez gara irabaztera ohitzen, etengabeko lehiak betetzen gaitu"
Ondarrutarra, baina bizitza erdia Bermeon. 11 urterekin arraunean hasi eta amaitu berri den denboraldian bere zazpigarren Eusko Label Liga eta zortzigarren Kontxa irabazi ditu Bermeo-Urdaibairekin. Bere etorkizuna argi definitu ezin badu ere, Bermeo bere parte sentitzen du Alain Colungak.
Nola hasi zinen arraunean?
11 urterekin hasi nintzen. Berez, Ondarroan denak aritzen ginen futbolean, baina futbola ez zen nire kirola. Lagun batzuekin batera, egunero ikusten nituen traineruak herriko errekan eta itsasoan, eta egunez egun geroz eta inbidia gehiago ematen ziguten. Horrela etorri zitzaidan arraunean aritzeko gogoa, eta horrela eman nuen izena Ondarroa Arraun Elkartean, lagunekin batera.
Noiz eta nola heldu zinen Bermeora?
Senior mailara heldu nintzen Ondarroan eta hiru urte gehiago egin nituen, eta arrauna uztekotan egon nintzen. Momentu horretan Orioko arraun taldera joateko eskaintza egin zidaten, eta nahiz eta uztekotan egon, nire burua probatzeko aukera ona zela pentsatu nuen. Arraunlari bezala nire burua noraino heldu daitekeen ikusteko aukera bezala hartu nuen eskaintza hori, eta baiezkoa eman nien. Urte bat egin nuen Orion, eta hurrengo urterako eskaintza desberdinak izan nituen. Horien artean Bermeora joateko eskaintza zegoen. Oinarri txiki batekin, talde berri bat sortzekoa zen eskaintza hori, eta zerotik hasitako talde horren parte izatekoa. Hori izan zen Bermeora joatera bultzatu ninduena: jada egindako talde on batera joatea baino, zerotik talde bat sortzearekiko apustua egitea, eta maila oneko beste arraunlari askorekin talde berri hori osatzeko aukera izatea. Oso ondo egokitu nintzen Bermeon, hasieratik gainera. Gaztetxoa nintzen, eta herriak harrera oso ona egin zidan lehenengo unetik. Ordura arte probatutakoarekin alderatuz, beste exijentzia maila bat zegoen arraunarekiko, eta niri exijentzia maila horrek ongi harrapatu zidan.
Lortutako lehenengo Kontxarekin gelditzen naizela uste dut. Batik bat, Bermeoko lehen urteko talde berri horrekin lorpenak bereziak zirelako, eta bide batez, lehen aldiz nire buruari arraunlari bezala noraino heldu naitekeen erakutsi niolako.
Arraunlariaz gain, nor da Alain Colunga?
Galdera ona. Arraunak, azken finean, nire bizitza markatu du nolabait, beraz, arraunaz gain nire burua definitzea zaila da. Pertsona oso normala naizela esango nuke. Ez daukat bizitzan aspirazio handiegirik, bizitza normala bizitzea gustatzen zait. Familiarekin egon, lagunekin egon, eta egunerokotasunaz disfrutatzea dut gustuko.
Arraunean bizitako une bereziena aipatu beharko bazenu, zein esango zenuke?
Lortutako lehenengo Kontxarekin gelditzen naizela uste dut. Batik bat, Bermeoko lehen urteko talde berri horrekin lorpenak bereziak zirelako, eta bide batez, lehen aldiz nire buruari arraunlari bezala noraino heldu naitekeen erakutsi niolako. Nahiz eta emaitzak ikusirik Bermeok beti ziurtasunarekin jokatu duela dirudien, niretzat une horretan alderantziz zen. Esan bezala, talde berri batekin eta proiektu berri batekin zerotik hasi, eta lehenengo urtean liga eta Kontxa irabazi genituen. Niretzat Kontxa hori izan zen emozio guztiak irten ziren unea. Beraz, momentu hori izan da niretzat arraunlari bezala ‘klik’ egitera bultzatu ninduena.
Castroren eta Hondarribiaren errekorra hautsi duzue hamalau bandera irabazita. Garrantzia berezia al du horrek, ala liga irabaztean bandera kopurua bigarren planoan gelditzen da?
Anekdota bezala bandera kopuruak eta errekorrak hor daude, eta asko saltzen dute, noski, baina gu taldeak egindako lanarekin eta denboraldiarekin gelditzen gara. Kristoren denboraldia egin dugu, eta asko disfrutatu dugu bideaz, gainera. Bandera kopurua horren erakusle dela argi dago, baina barne-lanarekin eta gozamenarekin gelditzen gara.
Irabaztea ondo dago, eta argi dago lorpenak bakoitzaren atzean gelditzen direla, baina nire ustez garrantzitsuena momentua da.
Hiru urtez jarraian irabazi dituzue Kontxako bandera eta Eusko Label Liga. Esango zenuke bat ohitu egiten dela dena irabaztera?
Ez, ez. Badago ohitzen den jendea, bai, baina ez da gure kasua. Badago dena irabaztean arrauna uzten duen jendea. Beraien helburuak lortu dituztela ikusten dute, eta hortxe gelditzen dira, behin bakarrik biziz. Baina uste dut Bermeo bezalako talde batean, non lorpenak hainbat alditan errepikatu dituzten arraunlariak dauden, eta oraindik gehiagoren bila jarraitzen duten, hori dela asebetetzen gaituena: lehia. Uste dut Bermeon hori bilatzen dugun arraunlariak garela, eta beraz, ez garela inoiz irabaztera ohitzen, eta ohituko bagina, arrauna utziko genukeela.
Kontxako bost bandera eta lau liga irabazi dituzu Urdaibairekin. Berezia al da zuretzat Urdaibairekin lorpenak lortzea?
Bai, noski, baina ez nuke esango lorpenen kontua denik. Irabaztea ondo dago, eta argi dago lorpenak bakoitzaren atzean gelditzen direla, baina nire ustez garrantzitsuena momentua da. Datorren urtean gehiago irabazteko aukera badugu, horren bila joango gara. Baina ez palmaresagatik, baizik eta irabaztea delako betetzen gaituena, eta gure egunerokoari zentzua ematen diona hori delako.
Jarraitzeko ahalegina egingo dut, baina horrekin askotan ez da nahikoa.
Gainera, denboraldi honetako Bou Bizkaiako arraunlari hoberena bezala izendatu berri zaituzte. Zer suposatzen du horrek zuretzat?
Niretzat sari hau beste edozein protokolodun sari baino politagoa da. Azken finean, Bermeo-Urdaibai herriaren parte da, eta guk herriarentzat egiten dugu arraun, eta Bermeoko parte ere sentitzen gara. 15 urte daramatzat herrian, eta herriak horrela erakusten dizunean, oso eskertuta gelditzen zara. Detaile oso polita da.
Orduan, esan daiteke Alain Colungari Bermeon arraunean oraindik urteak geratzen zaizkiola?
Ez dakit. Jarraitzeko ahalegina egingo dut, baina horrekin askotan ez da nahikoa. Azkenean, arrauna ez naiz ni bakarrik, eta beraz, ez dira soilik nire erabakiak. Inguru guztiak parte hartzen du horretan. Behin denboraldia amaituta, hausnartzeko unea da, arraunean jarraituko dudan ala hau izan den nire azken urtea hausnartzekoa.
Ez nuke esango harrobiko jokalariekiko ezarritako irizpide berri horrekin guztiz ados nagoenik.
Zer esango zenieke gaur egungo Urdaibai selekzio bat dela diotenei eta zuen lorpenei meritua kentzen diotenei?
Hori dioenak beti esango du hori. Ez dago hori aldatzerik. Baina, batez ere, zaletu guztiei zuzenduko nieke mezua. Sarritan izan dut kanpora joateko aukera, eta hala eta guztiz ere, Bermeon jarraitu dut, Bermeorengan sinisten dudalako eta Bermeo nire parte bat bezala sentitzen dudalako. Hemen gauden gehienok herria eta kluba gure bezala sentitzen ditugu. Beraz, zaletuei esango nieke konfiantza izateko klubarengan zein arraunlariekiko, baita administrazio arloko kideekiko ere.
Hurrengo urteetarako talde bakoitzean gutxienez harrobiko lau arraunlari egon beharrari zer deritzozu? Badago arrauna desagertu egingo dela dioen jendea. Ze etorkizun du arraunak zure ustez?
Uste dut neurriak beti hartu behar direla, eta batez ere harrobiarekiko lan hori egiten duten klubak saritu eta zaindu behar direla. Ez dela erraza harrobiko arraunlari askorekin seniorrak mantentzea, eta are gutxiago maila onenean. Hori lortzen duten klubek kristoren meritua dute nire ustez. Hori esanda, uste dut arrauna benetan sustatzeko lege edo moduak lantzeko hausnarketa sakon eta global baten falta argia dagoela gaur egungo gizartean, arraunarekiko erlazio osasuntsu eta egoki bat lortzeko. Ez nuke esango harrobiko jokalariekiko ezarritako irizpide berri horrekin guztiz ados nagoenik, ordea. Baina dagoena da, eta bai Bermeok, bai gainontzeko klubek, irizpide horrekin bat egin beharko dute, barne-mugak eta oinarriak berriztuz.