Ez da erraldoiak izateagatik bakarrik
Berriatuan, azkenaldian beste herri askotan bezala, erraldoiak sortu dituzte: Lami eta Maru. Sangregorioetan aurkeztu zituzten. Duten historia eta lankidetza nabarmendu dituzte.
Erraldoiak, berez, ikusteko errazak dira, erraldoiak dira. Sinplea da. Baina azkenaldian handiak izateagatik bakarrik ez, are eta errazago ikusten dira. Nonahi daude, uda aurretik, gainera, baita Berriatuan ere. Lami eta Maru ikusi daitezke, hain zuzen ere.
Ostera ere erraldoien booma ematen ari da. Haurren familien aisialdiari gero eta garrantzia gehiago emateak hazkundean zerikusia izan duela uste dute. Hala ere, ez dute zergati “zehatzik”. Ez delako bakarrik Berriatuan. San Gregorio jaietan aurkeztu bazituzten ere, urtebete inguru egon dira prozesua lantzen. Asko baitzegoen egiteko. Markina-Xemeinen ere duela ez asko sortu zituzten konpartsa eta erraldoiak.
Gurasoek eskolaren ostean, umeek jolasten duten bitartean, izaten duten solasaldi horietako batean sortu zen ideia. Arratsalde horiek ere erraldoiak izan daitezkeelako. Hori bai, hasieratik argi izan zuten proiektua herrikoia izatea nahi zutela. Ez zuten bakarrik talde txiki batentzat sortu nahi, konpartsa bat nahi zuten.
Hain zuzen ere, jostun taldeak, GoikoLau Kultur Elkarteak, guraso elkarteak, udalak, Maribel Aiertza idazleak, Sarats Dantza Taldeak eta Tarine Musika Eskolak parte hartzen dute era batera edo bestera.
Zabalik. Horrez gain, nabarmendu dute konpartsa “zabalik” dagoela edozeinentzako, “ideiak eta laguntza beti eskertzen direlako”. Sei-zortzi pertsonek eramaten dituzte Lami eta Maru, baina atzetik, eta ez bakarrik erraldoien azpian, jende askok egiten du lan. Adibidez, musika eskolakoek musika jartzen diete eta dantza eskolakoek dantza egiten lagundu diete, koreografiak erakusten.
“Haurren parte hartzeari garrantzia handia eman diogu hasieratik, eta haiek ere parte izateko buruarinak sortu genituen guraso elkarteagaz elkarlanean eta guztiok batera dantza batzuk egin genituen. Buruarinetako jantziak, adibidez, jostun taldeak egin zituen”. Argi dute umeak direla konpartsaren etorkizuna, eta urteetan jarraipena izateko, hasieratik beraren parte izan eta sentitu behar direla.
Era berean, argi zuten erraldoiek herriko historia eta istorioekin zerikusia izatea nahi zutela. GoikoLau Elkarteagaz jarri ziren harremanetan horretarako. Lami eta Maruren historiaren berri izan nahi zuten. Berriatuko kondairek diote lamiak egoten zirela herriko erreketan, eta inguruko mendi eta basoetan, berriz, maruak. Hortik datoz izenak. Baina ez dute gehiago kontatu nahi. Aiertzagaz proiektu bat dute esku artean, eta “aurreragorako” utzi nahi dituzte xehetasunak. Kontakizun bat izango dela aurreratu dute, bi erraldoiak protagonista izango dituena eta herriko toki berezienetan kokatuta egon dena.
Liburu onenak bezala, aurkezpen eguna ezin izan zuten hobea aukeratu: Berriatuko San Gregorio jaiak. Gainera, pregoia irakurri eta txupina jaurtitzeko arduradunak izan ziren. Erraldoiak ez, baina sortzaileak bai. Herri txikia izanik, zurrumurruak saihestea ia ezinezkoa da, are gehiago umeen artean, baina behintzat, erraldoien irudia sekretua izatea lortu zuten. Ez da gutxi. Ezustekoa emanez agertu ziren plazan, eta “pozik eta gustura” hartu zituzten herritarrek. Baina ez zen nahikoa izan, hurrengo egunean aurkezpen ofiziala egin zuten, kalejira eta guzti.
Herrikoiak. Etorkizun hurbilari dagokionez, ikasturte berriagaz batera hasi dituzte ostera ere entseguak. Epe luzera, momentuz, ez dute helburu zehatzik jarri: «Gure helburu nagusia Berriatuko jai nagusietan parte hartzea da, ez bakarrik jaietan, baita Erroak Loran bezalako jaialdietan ere». Gonbidapenak ere izan dituzte, Markina-Xemeinetik, esate baterako. Hala ere, bestelako topaketetan parte hartzeko aukera “zabalik” uzten dute.
Erraldoiak direlako bakarrik ez, gero eta gehiagotan herrietako kaleak hartu nahi dituzte. Erraldoiagoak izan.