2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskaraldia
Euskaraldia ON! topaketak egin dituzte Eibarren. Boluntarioak, euskara elkarteetako kideak, herritarrak eta teknikariak bildu dira, herrietan aktibazioa eragiteko gako berriak jasotzeko.
Martxan dago Euskaraldia. 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dute, baina joan den eguenean [irailak 26] Euskaraldia ON! Topaketagaz eman zioten hasiera kanpainari. Boluntarioak, euskara elkarteetako kideak, herritarrak eta teknikariak bildu dira, herrietan aktibazioa eragiteko gako berriak jasotzeko elkartu ziren.
Horrez gain, euskara aktibatzaileen gida liburua aurkeztu zuten: Euskaraldia antolatzeko eta herritarrak saretzeko gakoak ematen ditu. Horrenbestez, zabalik dago Euskaraldian izena emateko epea, baita ariketa herriz herri antolatzen hasteko. Webgunearen bidez eman daiteke izena.
Herritarren aktibaziorako molde eta modu berrien proposamenak landu zituzten lehen bileran, eta topaketa horiek izan dira Euskaraldiaren laugarren aldiaren lehen mugarria. Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Irati Iciarrek nabarmendu du Euskaraldia jendea aktibatzeko eta saretzeko “tresna ezin hobea” izan daitekeela: “Ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan, euskararen alde”.
Hain zuzen ere, berritasunekin dator Euskaraldia. Nabarmenena garai aldaketa da, udaberrian egingo dute. Azaldu dutenez, ariketaren alde teknikoak aztertu, moldatu eta egokitzen dituzte etengabe eta horregatik erabaki dute dataz aldatzea. Eraginkortasunean sakontzeko dela azaldu du Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak: “Udaberrian kaleetan jende gehiago ibili ohi da eta bizitasun sozial handiagoa izaten da kalean. Euskaraldia ariketa soziala den heinean, jendearen arteko interakzioa beharrezkoa da”. 11 egun izango dira, eta bi asteburu hartzearen garrantzia ere nabarmendu du.
Herri eta auzo bileren garrantzia ere goraipatu dituzte. “Euskaraldiak bere helburuak bete ditzan, herriz-herriko eta auzoz-auzoko dinamizazio eta aktibazio sozial zabala eskatzen ditu”. Hala ere, gogoratu dute Euskaraldia ez dela “euskarak dituen behar eta gaitz guztien sendagailu”.