ADES Espeleologia Elkarteak Lekeitioko itsaslabarren esplorazio kanpaina abiatu du
Azaldu dutenez, babestutako hegazti espezieak direla eta, irailetik abendurako tartea baino ez dute.
ADES Espeleologia Elkartea ostera ere martxan dago. Hain zuzen ere, asteburuan Lekeitioko itsaslabarren prospekzio eta esplorazio kanpaina abiatu du. Azaldu dutenez, babestutako hegazti espezieak direla eta, irailetik abendurako tartea baino ez dute, beraz, denbora galtzekorik gabe atera ziren. “Helburua kostaldeko zati honen ezagutza maila ahal bezainbeste handitzea da”, adierazi dute.
Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren baimena behar izan dute. Horrez gain, espeleologoak inguruko hegaztiak aztertzen dituzten ornitologoekin koordinaturik arituko dira.
Denboraldi berriko “kanpaina garrantzitsuena” da. Denbora gutxi izango dute, gogoratu baitute ADESeko kide guztiak boluntarioak direla, eta euren denbora librean aritzen direla. Gainera, baldintzen, meteorologiaren, itsasaldien eta eruren disponibilitatearen limitazioak ere kontuan izan behar dituzte.
Lehen irteera Antzoriz lurmuturrean hasi zuten, bi taldetan banatuta: batzuk ekialdera egin zuten, Santa Katalina ermita azpiko Antzoriz I eta II ikuskatzera, aztarnategiaren babesa “egoera onean” dagoela ziurtatu zuten eta gero Solope I eta II zuloetara joan ziren.
Beste taldea mendebaldera joan zen Otoioko Urbegitik hasita. “Behar bezalako” katalogazioa duen puntua dela azaldu dute, “erreferentziazko puntua” izango dena zalantza barik. “Iristeko bidea ez da erraza, baina azkenean segurtasunez egiteko moduko zidorra identifikatu dugu. Bloke handien artean, eta marearen ordua gogoan. Bertara iritsita, haitzuloa eta bertatik ateratzen den ur emaria ikusi dugu, eta gunearen estratifikazioaz eta haitzulo gaineko diaklasaz aritu gara, ur-errejimena ulertzeko seguraski gakoa izango dena”.
Azaldi dutenez, iztuleran ez zuten aterpe interesgarririk aurkitu eta bidean hegazti espezieak ikusi zituzten, baina ezin identifikatuta ibili zirenez, esan dute “interesgarria” izango litzatekeela gida erraz bat eskuratzea.