Leartibai Fundazioak laguntzak banatuko ditu ekintzaileentzako
Interesa dutenentzako, barikua [azaroak 8] da izena emateko azken eguna.
Leartibai Fundazioak, Lanbiderekin elkarlanean, laguntza emango die Lea-Artibai eskualdeko ekintzaileei, tokiko ekintzailetza-proiektuen esparruan. Laguntza hori bi programen bidez bideratuko da: Enpresa ideiak garatzeko laguntzak eta Enpresa proiektu berriak martxan jartzeko laguntzak. Bi programetan izena emateko azken eguna barikuan [azaroak 8] da.
Enpresa-ideiak garatzeko laguntzak negozio ideia bat izanik, edozein jardueretan, ideia hori aztertu eta garatu nahi duten ekintzaileek jaso dezakete, Leartibai Fundazioaren ikuskaritzapean eta tutoretzapean. Programek bi hilabeteko iraupena du eta 1.300 euro arteko dirulaguntza jasoko dute ekintzaileek.
Bestetik, Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko laguntzak enpresa edo negozio berri bat ezartzeko enpresa bideragarritasuneko plan bat duten (edo prestatzen hasi diren) eta hura abian jartzeko beharrezko jarduerak egin nahi dituzten ekintzaileek jaso ahal izango dute.
Hiru hilabeteko iraupena izango du, eta, horren ondoren, ekintzaileek Ekonomi Jardueren Gaineko Zergan alta eman beharko dute, prozesua amaitzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean. Kasu honetan, laguntzaren zenbatekoa 1.950 euro artekoa izango da.