Elixabete Etxanobek sustapen ekonomirako proiektuekin duen konpromisoa berretsi du
Ahaldun Nagusia Leartibai Fundazioko egoitza bisitatu du gaur [azaroak 6] eta eskualdeko zenbait herrietako alkateekin elkartu.
Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia Markina-Xemeinen izan da gaur [azaroak 6]. Leartibai Fundazioaren egoitzan bertako ordezkariekin eta eskualdeko hainbat alkategaz elkartu da: Berriatuko alkate Joseba Goienolagaz, Gizaburuagako Amaia Zabalagaz eta Ispasterko Garbiñe Saenz de Buruagagaz. Bertan izan dira ere Leartibai Fundazioko zuzendari Ainhoa Arrizubieta, Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatua eta Leire Markuerkiaga mankomunitateko lehendakaria.
Etxanobek Aldundiak eskualdeko sustapen ekonomikorako proiektuekin duen konpromisoa berretsi du. Bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu bai eskualdean abian jarritako “elkarlaneko gobernantza publiko pribatuaren eredua, bai plan estrategikoa eta enpresagintzan eskualdearentzat garrantzitsuenak diren proiektu bultzatzaileen identifikazioa”.
Etxanobek berriro nabarmendu du BFAk indarrean dauden proiektu asko babesten jarraitzeko egin duen apustua eta foru erakundeak eskualdeko biztanleen “bizi kalitatea hobetzeko etorkizuneko sustapen ekonomikorako proiektuei balioa emateko duen erabateko prestasuna”.
Lea-Artibaira egindako bisitak jarraipena ematen die duela aste batzuk Bilbora, Arratiara, Nerbioi-Ibaizabalera, Mungialdera, Ezkerraldera edo Meatzaldera egindakoei. Bisita horiek helburua dute “desberdintasunik gabeko Bizkaia lortzea, eskualde bakar bat ere atzean gera ez dadin”.