Mikel Arrasate: "Garaipenekin baino, jasotako laguntza eta aukerekin geratzen naiz"
Mikel Arrasate lekeitiarra bi urte txirrindularitzan aritu eta gero, aurten triatloira itzuli da. Alpe D’Huezeko lasterketa entzutetsua irabazi du. 20 urtegaz ikasten jarraitu nahi du.
Zelan hasi zinen triatloian?
2019an egin ahal izan nuen nire lehen triatloia, nagusiekin. Betidanik egin dut kirola, Lehen Hezkuntzako 5. mailan igeriketa taldean sartu nintzen, eta ordutik, beti aritu naiz kirola egiten. 2020an bizikleta gainean denbora asko eman nuen, pandemia garaian, baina triatloian jarraitu nuen. 2022an, berriz, txirrindularitza munduan sartu nintzen buru-belarri, eta triatloia bi urtez alde batera utzi nuen. Aurten ostera ere itzuli naiz ikasketak apur bat behartuta eta ordutegi malgutasun handiagoren bila.
Zelan bizi izan zenuen bi urteko txirrindularitza ibilbide hori?
Ander Okamikak entrenatzen ninduen eta Burgos BH taldeak fitxatu zuenean, justuago aritu zen ni entrenatzeko. Durangaldeko taldera joateko bertako zuzendariak deitu zidan, eta oso eroso aritu nintzen. Gero, konturatu nintzen triatloiak gehiago betetzen nauela, eta horregatik, bueltatzea erabaki nuen.
Baina orain, kirol bakarraren ordez, hiru dituzu. Horrek ez ahal dizu denbora gehiago kentzen?
Bai, askok esaten didaten zerbait da. Bi kiroletan sartu behar dituzun orduak antzekoak dira, baina triatloian malgutasun handiagoa daukazu. Txirridunlaritzarako, adibidez, argia behar duzu, eta igeri egiteko goizean goiz edo gauez joan naiteke. Beraz, ikasketekin antolatzeko hobeto daukat.
Ingeriaritza ikasten ari zara Donostian. Zelan moldatzen zara entrenamenduetarako?
Orain entrenamendu lasaiagoak ditut, denboraldia amaitu berri dugulako. Baina nahikoa ondo moldatzen naiz. Egia da azterketa garaietan gehiago kostatzen dela denetara heltzea, baina azkenean lortzen dut. Argi daukat zein den lehentasuna, eta entrenatzeko astirik ez badaukat, badakit egun batean ez entrenatzeagatik ez dela ezer gertatuko.
Zelakoak dira zure entrenamendu asteak?
Udan edo unibertsitate garaian desberdina da. Urtean zehar, astean 12-14 ordu entrenatzen ditut: igeriketako bost saio, bizikleta gainean bizpahiru eta korrika beste hiru. Udan, denbora gehiago dudanez, ordu gehiago sartzen ditut, 20 ordutara helduz. Saiatzen naiz igeriketako saioren bat gehiago sartzen edota txirrindularitza saio luzeagoren bat egiten.
Gainera, ez zaitu edozeinek entrenatzen.
Joanes Goitisologaz entrenatzeko zortea daukat. Hasieran nire kontura aritu nintzen Okamikagaz ikasitakoarekin. Gero, udan, Goitisologaz hasi nintzen, eta oso gustora aritu naiz.
Erreferente indartsuak izan dituzu zure inguruan.
Bai, eta oso eskertuta nago. Ikaragarria da horrelako erreferenteak lagun izatea. Asko bizi izan dute, asko ikasi dute, eta nik apurka apurka hori guztia hartzea, handia da niretzat. Gainera, arlo guztietatik lagundu didate: nutrizioa, materiala, entrenamenduak… horregatik nago hain eskertuta.
Orain denboraldia amaitu duzula, zelango balorazioa egiten duzu?
Ezingo nukeen imajinatu ere egin sasoi hasieran. Bi urtez bizikletan aritu eta gero, gauza asko aldatu behar izan nituen. Hasieran igeriketan leher eginda amaitzen nuen, eta korrika egitean ere belauneko minekin hasi nintzen. Horregatik, gero lortu dudan guztiagatik oso pozik nago. Batez ere, Alpe D’Huezen lagun artean pasatu genuen astebeteagaz geratuko nintzateke. Entrenamenduetaz ere asko gozatu dut, eta hori ere garrantzitsua da. Garaipenekin baino, izan ditudan aukera eta jaso dudan laguntza guztiagaz geratzen naiz.
Trantsizio urtea izan da, beraz.
Batez ere, apirilera arte. Pixkanaka egin nahi izan nuen trantsizio hori, karga handirik gabe. Gainera, azterketa garaia izan nuen amaieran, eta entrenamenduak egokitu behar izan nituen ikasketetan ere ondo aritzeko. Gero, udan, Joanes Goitisologaz jauzi hori eman nuen, eta asko nabaritu nuen. Uztailean eta irailean bikain aritu naiz.
Alpe D’Huez aipatu duzu, eta bertan garaipena lortu zenuen.
Bai, gainera, toki oso berezia da txirrindularitza gustuko dugun guztiontzat. Amandarriko beste kide batzuekin joan nintzen eta etxe bat hartu genuen. Astebete egon ginen, eta esperientzia bikaina izan zen. Ilusio handia neukan Alpeetako mendi horietan aritzeko, telebistatik askotan ikusi ditudanak direlako. Ez nuen espero garaipena lortzea, amaitu eta gero konturatu nintzen zelango maila altua zegoen lasterketan; hor jabetu nintzen lortutakoaz.
Bizikleta gainean atera zenituen tarte handienak.
Minutu eta erdi berreskuratu nuen, eta hori gutxi ez eta, Alpe D’Huez igotzen beste bi minutu minutuko tartea zabaldu nuen. Gero korrika tartea ez galtzeko nahikoa izan zen. Alde horretatik, Euskal Herriko triatloiak Espainiakoak baino gogorragoak dira bizikleta sektorean, eta aldea nabaritzen da. Hemengoak ez dira zirkuitu leunak, hemen gorabehera gehiago daude, eta horrenbestez, txirrindularitza maila handiagoa behar da lehiatzeko.
“Ikaragarria da Ander Okamika edo Joanes Goitisolo bezalako erreferenteak lagun eta entrenatzaile izatea“
Gaztea zara, eta oraindik asko izango duzu hobetzeko.
Bai, zalantza barik, eta batez ere igeriketan eta korrika hobekuntza tarte handia daukat. Euskal Herrian lehiatzeko balio ahal dizunak, Espainian, agian, ez dizu balioko, beraz, hobetu beharra dago. Maila oso altua dago. Gainera, bizikleta gainean tarteak zabaltzeko eta berreskuratzeko zailagoa da, beraz, beste bi ataletan hobea izan behar zara.
Datorren denboraldira begira helbururik jarri diozu zure buruari?
Oraindik ez naiz datorren urtekoa antolatzeko prestatzen jarri; ez dut lasterketak aukeratzeko tartea hartu. Baina gustatuko litzaidake Alpe D’Huezeko lasterketa errepikatzea, zapore oso gozoagaz amaitu nuen, baina garaipenagatik baino, lagunarteko esperientziagatik. Horrez gain, Espainiako probaren bat ere egin nahiko nuke, nire maila Euskal Herritik kanpo non dagoen konprobatzeko.
Eta epe luzera begira, ametsik baduzu?
Oraindik ez naiz amesten jarri. Denon modura triatleta bikaina izatea gustatuko litzaidake, eta honetaz bizi, baina hori oso zaila da. Horregatik, ikasten jarraituko dut. Gozatzen dudan bitartean, ahalik eta mailarik onena eman nahi dut.