Herri batzarrean elkartuko dira berriatuarrak
Apiriletik ekainera bitartean herriko elkarteekin egindako bileren jarraipena egingo du udalak bihar [azaroak 14]. EH Bilduren herri batzarra barikuan [azaroak 15] egingo dute.
Berritxu danok einaz. Hori da Berriatuko Udalak herriko elkarte eta eragileekin martxan jarritako prozesu parte hartzailea. Orain hurrengo pauso bat egingo dute. Eguenean [azaroak 14] herri batzarra egingo dute, 18:00etatik aurrera, bideo gelan.
Udaletik azaldu dute apiriletik ekainera bitartean herriko elkarteekin egindako bileren jarraipena dela. “Helburua udalaren eta herritarren arteko elkarlana osatzea da, bileretan jasotakoaren berri eman eta udalak, Berritxu danok einaz leloari jarraituz, elkarte eta herritarrekin bilerak egiteko erabakia sendotzea”, esan dute.
Urte eta erdi darama udal taldea lanean eta aurrera begira Berriatuak dituen eta izango dituen erronken inguruan hitz egiteko garaia dela uste dute. Horretarako, herriko argazki bat irudikatu nahi dute, herriko elkarte eta mugimenduekin batera. Gainera, bizikidetza proiektu bat sustatu nahi dute, eta horretarako, Argi Begi elkartearen bidez egingo dute. Hain zuzen ere, elkarteko kideek parte hartze prozesuaren nondik norakoak azalduko dituzte.
Horrez gain, udaletik esku artean dituzten proiektuen (hirigintza, kultura, gizartea) berri emateko baliatuko dute bilera. Udalagaz gain, bestelako erakundeekin dituzten elkarlanak azalduko dituzte, Uema, Lea-Artibai Mankomunitatea edota Leartibai Fundazioagaz. Azkenik, gairik “potoloenei” eutsiko diete, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren eskuetan gehiago dauden gaiak, hau da, Osakidetza, etxebizitza edota errepidea. “Uste dugu herritarrak batez ere gai horien inguruan informazioa eskuratu nahiko dutela, hau da, interes gehien piztuko dutenak”.
Alderdikoa
Hurrengo egunean, barikuan [azaroak 15] EH Bilduren herri batzarra egingo dute, 19:00etan, kultur etxean. Alderdiaren III. kongresuan aurkeztutako ponentziaren gako nagusiak azaltzeko ardura hartuko du Unai Urruzuno bozeramaileak. Ondoren, luntx baten laguntzaz “komunitateaz gozatzeko aukera” izango dela gehitu dute.