Partaidetza zabala izan du Berriatuko herri batzarrak
60 herritar inguru elkartu dira Berriatuko herri batzarrean. Besteak beste, bizikidetza proiektuari buruzko informazioa jaso dute herritarrek.
Berritxu danok einaz lemapean, Berriatuko Udalak herriko elkarte eta eragileekin martxan jarritako prozesu parte hartzaileko herri batzarra osatu zuen eguenean, bideo gelan. Hain zuzen ere, apiriletik ekainera bitartean herriko elkarteekin egindako bileren hurrengo pausoa izan dela azaldu dute.
Hasteko, herriko elkarte eta eragileekin izandako hartu-emanen berri eman zuten: «Helburua udalaren eta herritarren arteko elkarlana osatzea zen eta elkarte eta herritarrekin bilerak egiteko erabakia sendotzea».
Gero, Argi Begi elkartearen bidez martxan jarriko duten bizikidetza proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten elkarteko kideek. Argi Begi arduratuko da proiektuaren gidaritzagaz, gatazken ebazpenerako bitartekaritza erabiltzen duen elkartea da, 25 urteko esperientziagaz. Bertan, askotariko gaien inguruko galderak eta iradokizunak jarriko dituzte: euskara, espazio publikoak, hartu-emanak, ingurumena, garbitasuna eta herriko gatazkak eta indarguneak.
Horretarako, lau fase egingo dituzte. Lehen fasea herri batzarrean gauzatu zuten, eduki informatiboa emanez. Abenduan ekingo diote bigarren faseari; eskuorriak udaletxean jarriko dituzte eskuragarri. Udaletik herritarrei parte hartzeko deia egin diete, «ahalik eta parte hartze zabalagoa izateko». Hirugarren fasean, berriz, jasotako erantzunen analisia eta hausnarketa egingo dute. Azkenik, laugarrenean, Argi Begi elkarteak Berriatuko Udalari aurkeztuko dizkio proiektuaren ondorioak. Otsailerako aurreikusten dute bizikidetza proiektua amaitzea, jarraian herrian praktikan jartzen hasi ahal izateko.
Eskertuta. Udaletik nabarmendu nahi izan dute zinegotzi guztiek hartu zutela hitza herriko proiektuen inguruko albisteak zabaltzeko. Esku artean dituzten proiektuen berri eman zuten, bakoitzak bere arloan, eta orain arte egindakoak gogoratzeko ere baliatu zuten herri batzarra. Adibidez, plazako edo kultur etxeko obren amaiera eta orain hasi berri duten Bizi Bizi proiektua hizpide izan zituzten. Kirol eta kultura agenteekin egindako agenda bateratuaren berri ere eman zuten. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dauden proiektuen egoera azaldu zuten.
Zehaztu dute herri batzarrean iritziak jaso baino gehiago informazioa eman zutela: «Herriko egoeraren aurkezpen zehatz bat egin nahi izan genuen, egungo egoera islatu eta herria hobetzeko hartzen ari garen norabidea argitu». Argi Begi elkartearen eskuorriak baliatu nahi dituzte herritarrek euren ekarpenak egiteko. Herritarrak herri batzarragaz «eskertuta» agertu direla nabarmendu dute udal ordezkariek, eta bidez batez, bizikidetza prozesuan parte hartzera dei egin diete.