15.500 euro banatu dituzte Leartibai Sarietan
Leartibai Fundazioak Amoroton banatu ditu Leartibai Sarietako bederatzi sariak; sariok Ondarroa, Markina-Xemein, Etxebarria eta Berriatuko hainbat herritarrek irabazi dituzte. Guztira 37 proiektu aurkeztu dira, iaz baino sei gehiago.
Lea-Artibaiko ekintzaileak elkartu ziren joan den eguenean [azaroak 21] Amoroton, Leartibai Fundazioak antolatu duen Leartibai Sariaren hirugarren aldian. 37 proiektuk parte hartu dute aurtengoan, iaz baino sei gehiagok; hirugarren aldi hau izan da orain arteko jendetsuena. Leartibai Fundazioak antolatu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkartearen, Lea-Artibai Landa Garapen Alkartearen eta Lea-Artibaiko eskualdeko udal guztien lankidetzagaz eroaten dute aurrera.
Ekintzailetza bistaratu eta eskualdeko ekintzaileei errekonozimendua emateko helburuagaz, 15.500 euro banatu dituzte tokiko ekintzaileen artean. Urtetik urtera “gehiago sendotzen” ari den ekimena da, eta aurtengoan 2023-2024 epealdian Lea-Artibain negozio berri bat martxan ipini nahi dituzten proiektuak saritu dituzte, bost kategoriatan banatuta. Jakinarazi dutenez, kooperatiba onenari saria bertan behera geratu zen, eredu horretako negoziorik ez delako sortu.
Hala, negozio ideia berritzaile onenaren saria Naiara Arantzamendi ondarrutarrak irabazi du, Naivet albaitaritza integratzailea proiektuagaz. 2.000 euro eta garaikurra eskuratu ditu Arantzamendik, eta eskertuta agertu da sariagaz: “Laguntza ikaragarria da. Babes ekonomikoaz gain, gehien bat Leartibai Fundazioak emandako laguntzagatik, denbora guztian ondoan duzun laguntzaile bat bezala delako”.
Ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onenaren saria ere, Ondarroara joan da: Nahia Iparragirrek irabazi du, Artaka zirko-motrizitatea proiektuagaz. 1.500 euro eta garaikurra lortu ditu Iparragirrek proiektua aurrera eroateko: “Indar handia ematen dit sari honek, eta baita herritarrek nire negozioari sare sozialetan ematen dioten babesak ere. Nire proiektuan sinesten duzuela adierazten dit”.
Ondarrutarrek hirugarren sari bat ere eskuratu dute. Jaione Peñak merkataritza establezimendu onenaren saria irabazi du, Anie erropa, osagarriak eta bitxiak proiektuagaz. 1.500 euro eta garaikurra lortuta, halako egitasmoekin lortutako laguntza goraipatu du: “Sari hau indargune bat da, azken finean, enpresa bat sortzeko erabakia ez da erraza, eta gaur egun, zailagoa dela esango nuke. Honelako egitasmo batek errekonozimendua ematen digu”.
Emakume ekintzaileen saria, ostera, Olaia Urresti berriatuarrak irabazi zuen. 500 euro eta garaikurragaz, Zentrala taberna eta jatetxearen proiektua eroango du aurrera: “Ostalaritza mundutik nator, eta otsailean Zentrala hartzeko aukera aurkeztu zitzaidan. Oso gustura nago emandako pausuarekin. Sari honek poztasun eta motibazio handia ematen dit, gure lana garaikur honetan islatuta ikusten delako”.
Gazteei, bost sari. Gazteengan arreta berezia ipini, eta garaikurragaz batera, 2.000 euroko bost sari banatu dituzte. BFAk Lea-Artibaiko hamabi udalerriekin lankidetzan sustatutako Udal Gaztedi Lea-Artibai 2024 proiektuaren baitan eman dituzte aurten ere gazteentzako sariok, gazteen emantzipazioa bultzatzeko helburuagaz.
Hurrengoak izan dira gazteek sortutako negozio ideia onenak irabazi dituztenak:
- ALEX REAL FOOD
- Ekintzailea: Alex Arrate, Markina-Xemein.
- Jarduera ekonomikoa: dietista eta dibulgatzailea.
- “Sari hau jasotzea ohore bat da, motibazioa ematen dit aurrera jarraitzeko. Ondo etorriko zait eguneroko gastuei aurre egin eta eskaintzen ditudan zerbitzuetan inbertitzeko”.
- BABBEL KAFETEGIA
- Ekintzailea: Asim Intizar, Markina-Xemein.
- “Zazpi urtez egon naiz kafetegian lanean, ireki zenetik, eta negozioa eskualdatzeko aukera sortu zenean, nik neuk hartzea erabaki nuen. Proiektu polita, toki ederra eta bezeroak ere onak.”
- ETXABE ODRIOZOLA ERAIKUNTZAK
- Ekintzailea: Julen Etxabe, Etxebarria.
- “Nire lehen soldata, sei hilabete eta gero, orain jaso dut. Argi neukan negozioa bideratuta eta gastu guztiak ondo kontrolatuta izan arte ez nuela soldatarik kobratuko, eta orain, nire lehen soldata eta sari hau jaso ditut. Pozarren nago”.
- HABIXI
- Ekintzailea: Jugatx Gil, Ondarroa.
- Jarduera ekonomikoa: Fisioterapia zerbitzuak.
- “Sari honek laguntza ekonomiko handia suposatzen du niretzat. Arnasaldi bat. Egindako gastuei aurre egiteko eta lasaitasunez aurrera egiteko”.
- SORMEN LANTEGIA
- Ekintzailea: Mikele Sotil, Etxebarria.
- Jarduera ekonomikoa: Tailer artistikoak.
- “Poztasun handia eman dit sari hau irabazteak. Aurrera jarraitzeko pizgarri bat da eta sortzen jarraitzeko materiala erosteko erabiliko dut sari ekonomikoa. Leartibai Fundaziotik jasotako laguntza ikaragarria izan da, gogotsu ekiteko eta aukera ezberdinak planteatzeko laguntza handia eman didate”.
Laguntza ekonomikoagaz batera, irabazle eta ekintzaile guztiek Leartibai Fundazioa bidelagun izango dute, Esti Plaza Ekintzaileta eta Talentu arduradunak azaldu zuetenz: “Leartibai Fundazioko ekintzaileta-teknikariak prest egongo gara beti zuen proiektuaren etapa bakoitzean behar duzuen laguntza eskaintzeko”. Hala, ekintzailetza sustatzeko duten konpromisoa berretsi zuten: “Negozio ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza etengabea eskaintzen zaie ekintzaileei eta, Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen Enpresa Haztegiko espazioetan kokatzeko lehentasuna izateaz gain, Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasun guztiak ematen dizkiete”.
Lehiaketa. Sariekin batera, proiektuak ezagutzera eman eta herritarrek ere sariketan parte hartu dezaten, Instagramen bitartez lehiaketa bat eroan zuten aurrera: proiekturik gustukoena saritzeko herritarrek euren gustuko proiektua aukeratu zuten. Hala, 2.500 boto baino gehiago jaso dituzte, eta denen artetik gustukoena Artaka proiektua izan da. Era berean, lehiaketan parte hartu zuten herritarren artean zozketa egin zuten, eta Nagore Saraiva izan zen irabazlea.