Musika protagonista nagusi, Erroak Loran jaian
350 herritar inguru elkartuko dira zapatuan [azaroak 30] frontoiko bazkarian. Leire Gomez ondarrutarrak kontzertu “berezia” eskainiko du barikuan [azaroak 29].
Erroak Loran berritxuarron jaia. Ez dago argiago esaterik. Erroak Loran jaiak San Gregorio jai nagusiak bezala elkartzen dituelako berriatuarrak. Zapatuan [azaroak 30] izango dute egun handia, eta frontoia elkargune nagusi. Herritarren nortasuna aldarrikatu, eta festa giroagaz ospatuko dute.
Goikolau Elkarteak eta Berriatuko Udalak elkarlanean antolatzen duten jaialdia da. Joan den barikuan [azaroak 22] eman zioten hasiera ofiziala egitarauari, Goikolau Sariagaz. “Kutsu herrikoi eta kulturala duen eguna da. Herriko taldeek egiten duten lana eta herriko mugimendua baloratu eta eskertzeko eguna da”. Asko izan ziren frontoi txikiko karpa bete zuten herritarrak. Musika izan zen protagonista nagusi eta bakarra iluntzean. Berriatuko abeslari eta musikariak igo ziren oholtzara, eta giro bikaina nagusitu zen.
Hain zuzen ere, musika izango da asteko jaiko protagonista nagusietako bat. Barikuan [azaroak 29] Leire Gomez Aristondo sopranoak eta Itziar Barredo Cavero errepertoristak Jesus Aranbarriren omenezko kontzertua eskainiko dute 18:30etik aurrera, San Pedro elizan. Aranbarriren ama Berriatuko Muniosolo baserrikoa zen, eta umetan udak herrian igarotzen zituen. Beraz, aurten, Erroak Loran jaialdian musika protagonista izanik, herriko musikari ospetsuenetako bati bere tartea egin nahi izan diote.
Egun handia, ordea, zapatua [azaroak 30] izango da. Egunari ondo heltzeko, 12:00etan, aurten sortu berri duten erraldoiek kalejira osatuko dute. Lami eta Maru erraldoien sortzaileen helburuetako bat herriko ospakizun nagusienetan parte hartzea zen, eta bertan izango dira. Herriko trikitilariek girotuko dute eguerdia.
15:00etarako Mendibarren frontoian elkartuko dira berriatuarrak, bazkaltzeko. Azaroaren 22an amaitu zen txartelak erosteko epea, eta 350 herritar inguru bilduko direla aurreratu dute antolatzaileek. Hau da, iazko jende kopuru antzekoa. Jan-edanean ase eta gero, ostera ere musikak hartuko du lekukoa. 18:30etik aurrera herriko talde eta musikariek kontzertua eskainiko dute.
Zelako kontzertua izango da?
Kontzertu lirikoa izango da. Jesus Aranbarriren piezak joko ditugu, baina ez da kontzertu soil bat izango, protagonistaren inguruko azalpenak eta bitxikeriak ere kontatuko ditugulako; omenaldi antzekoa izango da.
Ez da kontzertu soil bat izango?
Ez, Aranbarriren ibilbidearen berri eman nahi dugu, eta azaldu zergatik izan zen hain garrantzitsua. Orkestra zuzendari nagusienetako bat izan zen, eta askotan etortzen zen Euskal Herrira. Ezezagunak ziren obrak azaleratzen zituen askotan, eta, horregatik, musika arloan asko lagundu zuen.
Bitxikeria asko dituzue?
Bai. Aranbarrik beti esaten omen zuen batuta batekin esku artean hilko zela, eta Madrilgo Retiro parkean zuzentzen ari zen kontzertu batean bihotzekoak eman zion. Horrelako istorioak berriatuarrek jakin behar dituztela uste dugu.
Zein izango da errepertorioa?
Bere abestirik ezagunenak Zortzi Euskal Kantak dira, baina harago joango gara. Konposatzaile ospetsua izan zen, baina nahikoa gazte hil zen: 58 urtegaz. Gainera, zuzendari lanetan aritu zen, batik bat. Normalean, konposatzaileek musika estilo bat jarraitzen dute, baina Aranbarriren berezitasun nagusienetako bat bere aniztasuna zen. Ez dauka errepertorio oso zabala, baina bai dela askotarikoa; erregistro asko zituen.
Ikerketa sakona egin duzue.
Bai, ez da erraza izan ahotserako partiturak aurkitzea, ez zituelako asko ere. Adibidez, Galiziako abesti bat abestuko dugu, galiziarrez, Ourenseko aldundiaren enkarguz sortutakoa, poesia batzuen inguruan. Espainiako 34 konpositore famatuenetako batzuei musika jartzea eskatu zieten, tartean, Aranbarriri. Barredok Oviedon aurkitu zuen abesti horien partitura, pentsa.
Eta zelakoa izan da bide hori?
Polita izango da, ez genekielako zarzuelak sortu zituenik, eta Que hermoso momento eta Viento sur izenekoak joko ditugu. Lehena asko kosta zen aurkitzea. Aranbarri Madrilen bizi zeneko bere etxea erreformatzean aurkitu zituzten partiturak. Viento sur abestiak Ondarroak eta Donostiak egindako traineru apustu bati buruz hitz egiten du. Itziar Barredok ere bakarkako bat eskainiko du, kantu elegiko bat, Juan Crisostomo Arriagaren omenez sortu zuena. Arriaga asko miresten zuen, eta Arriagaren lehen maisua bere aita izan zen, nor eta Berriatuko organo-jotzailea izan zena.