Martxoaren 5era arte izena eman daiteke EuskarAbenturan
Euskaratik eta euskaraz, Euskal Herria zeharkatuko duen espedizio nomada proposatzen die EuskarAbenturak 2008an eta 2009an Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan jaiotakoei; eta 2010ean jaiotakoei ere bai, betiere Lapurdi, Baxe-Nafarroa, Zuberoa eta diasporako gazteak badira. Hala, Euskal Herria oinez eta euskaraz zeharkatzeko gogotsu dauden 127 gazte batuko ditu uztailaren 1etik 31ra abentura honek, baina horretarako izena eman behar da, eta hori egiteko azken eguna izango da martxoaren 5a.
Hautagaitza aurkezteko www.euskarabentura.eus webgunean dagoen formularioa bete behar da, eta hori egiteaz gain, aurkezpen bideoa eta proiektua ere aurkeztu beharko dira.
Aurkezpen bideoa gehienez minutu bateko bideo laburra izan behar da, eta, norbere burua aurkezteaz gain, EuskarAbenturan zergatik parte hartu nahi duen azaldu beharko du, baita espediziotik zer espero duen edota taldeari zein ekarpen egin diezaiokeen ere. Bideoa, gero, wetransferreko esteka bidez aurkeztu beharko da, eta ez Driveko estekarekin.
Proiektua egiteko, bestalde, sei formatu (historikoa, literarioa, ikus-entzunezkoa, musikala, plastikoa eta sormen digitala) eta hiru gai jarri dituzte aukeran: beldura, gizarte indibidualista edo kolektibista eta klima aldaketa. Hala, aukeratutako gaia formati batean jorratu beharko dute parte hartu gura dutenek.
Apirilaren 22an behin-behineko hautatuen zerrenda argitaratuko dute webgunean, baina hautatuei ere jakinarazpena bidaliko diete posta elektronikoz. Gero, apirilaren 22tik 30era behin-behineko hautatiek esleitutako plaza gordetzeko eskatuko zaien bermearen ordainagiria bidali beharko dute izenematea@euskarabentura.eus helbidera.
Hori bai, parte hartzeko ezinbestekoa izango da euskaraz jakitea. Izan ere, EuskarAbenturaren helburua da mundu mailako gazte euskaldunen sare bat sortzea: “Hain zuzen ere, gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea ditu helburu ekimenak, baita gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea edota Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko zein kulturalen transmisioa bermatzea ere”.
Bestalde, EuskarAbentura esperientzia bizitzeak badakar, berez eta izatez, hainbat balore, jarrera eta gaitasunen lanketa: parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, bizi ohitura osasuntsuak, ingurumenarekiko begirunea edota turismo jasangarria.
“Errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko nahiz kultural ezberdineko neska-mutilak nahastu eta, hilabetez, Euskal Herria zentzu zabalean ezagutzera eramango dituen esperientzia ahaztezin hau euskaraz bizi dezaten nahi du ekimenak; eta sortutako harremanek espediziotik harago ere iraun dezala ere bai”.