Eta zu, zelan zaude? Ondo esan beharko
Leire Gandiaga psikologo etxebarritarrak bakardadearen inguruko ikerketa osatu du Lea-Artibain, mankomunitatearen eskutik. 18 urtetik 40 urtera bitartekoena da «bakardade maila altuena» duen adin tartea, eta emakumeak gizonak baino gehiago dira. Solasaldiak egin dituzte Etxebarrian eta Berriatuan.
“Zelan zaude? Ondo”. Zenbat aldiz erantzun ote da galdera-erantzun hori. Nahiz eta gero, agian, ondo ez egon. Zer delako ondo egotea? Bakarrik egotea txarto egotea da? Bakardadea txarra da? Asko hitz egin da azkenaldian bakardadeaz, batez ere konfinamendutik aurrera. Normala da bakarrik sentitzea, baina sentimendu hori pertsonek munduagaz duten harremanari erreparatu behar dietela ikusteko seinale bat da.
Lea-Artibai Mankomunitatetik Leire Gandiaga etxebarritarragaz jarri ziren harremanetan, bakardadearen inguruko lanketa egiteko. Gandiagak ikerketa bat gauzatu zuen. Bertan, 18 urtetik gorako eskualdeko 153 herritarrek parte hartu zuten, 104 emakumek eta 49 gizonek. Hori gutxi ez, eta solasaldiak antolatu zituzten Etxebarrian eta Berriatuan.
Batez ere pandemiaren ostean hasi da bakardadearen inguruko boom hori, “batzuetan gehiegizkoa bilakatu arte”. Batez ere komunikabideetan helarazten den negatibotasun hori kentzea garrantzitsua dela uste du etxebarritarrak, “bakardadea ere beharrezkoa delako, badaudelako gauza batzuk norberak bakarrik egin behar dituenak”. Eta hori ez da arazo bat.
Duela 50 urte ez zen emozioen inguruko lanketarik egiten, ez behintzat gaur egun egiten den bezalakoa. Horrek ere eragin zuzena du bakardadean, alegia, zelan tratatzen duen bakoitzak, garaiaren arabera ere: “Gure nagusiek jan egiten zituzten batzuetan emozioak, haientzako gorde, haiekin biziraun, eta orain, adibidez, eskertzen dute emozio horiek azaleratu ahal izatea”.
“Auzotarren arteko laguntasun hori galtzen doa, bizitza indibidualagoa daramagu“
Bakardadearen eta bereizkeriaren muga hori ere batzuetan oso fina da. Alde horretatik, nagusiek beti izan dute bata bestearengatik arduratzeko gaitasun edo behar hori, batez ere herri txikietan: “Auzotarren arteko laguntasun hori galtzen doa, bizitza indibidualagoa daramagu, gureari begira, gainontzekoenei erreparatu barik. Herri txiki batzuetan mantentzen bada ere, galtzen doanaren sentsazioa dute”.
Horregatik, Lagunkoia proiektuek edota jubilatuen elkarteek egiten duten lana goraipatu du Gandiagak. Nagusientzat antolatzen dituzten ekintzak garrantzitsuak dira, “ez dira beste munduko ezer», karta jokoak edota irteera laburrak, baina asko eskertzen dituzte, elkartzeko eta etxetik ateratzeko aitzakia besterik ez dira: «Batez ere harremanetan jartzeko dira mesedegarriak“.
Hain zuzen ere, 18 urtetik 40 urtera bitartekoena da bakardade “maila altuena” duen adin tartea, eta emakumeak gizonak baino gehiago dira. “Ez genuen espero”, aitortu du Gandiagak. Batzuetan ez da kantitatea, kalitatea baino. Hor ere aro aldaketa nabaritu du. Nagusiagoek kalitateari ematen diote garrantzia, gazteek, berriz, kantitateari. Sare sozialen erabileragaz «zuzeneko harremana» duela uste du. “Badirudi Instagramen zenbat eta jarraitzaile gehiago eduki, lagun gehiago dituzula, pozago bizi zarela, baina azkenean, bakarrik sentitzen dira”. Horregatik, galdera garrantzitsu bat dago: zer da harreman bat? Pentsatzen dena baino zailagoa da azaltzeko, definitzeko. Internet edo mugikor bidez harremanetan jartzeko ohitura horrek ere zuzeneko eragina dauka; aurrez aurreko erlazioetan gaitasun sozialetan arazoak dituzten gazteak daude.
Bestelako datu interesgarriak ere utzi ditu Gandiagaren ikerketak. Esate baterako, egoera zibila kontuan hartuta, bakardade maila baxuena duten pertsonak alargunak dira, eta banatutakoena altuagoa da. Autoestimu altuena dutenak nagusiak dira. Baina dio ez dela harritzeko modukoa: “Egin diren bestelako ikerketa batzuetan ere datu horiek atera dira, azken batean, esperientzia, norberaren izateko moduaren garapena edota landutako beldurra sartzen dira”.
Sare sozialen eragina
Sare sozialek eragiten duten presioa da gakoetako bat: “Bizitza perfektuak bilatzen dituzte, hori ezinezkoa denean. Beraz, sare sozialetan hori bera islatu nahi dute, perfekzio hori, baina argazkietan erakusten duten poztasun hori bertan geratzen da askotan, barrutik hutsik, bakarrik sentitzen direlako”. Desoreka sortzen da, eta hortik hasten da ezinegona. Ez dute norberarentzako tokirik aurkitzen, ezta bakardadean ere, zerbait negatiboa, txarra, ezkorra dela esan dietelako.
Jendez inguratuta egon zaitezke, baina bakarrik sentitu. Kantitatea eta kalitatea ez dira beti elkartuta egon behar: “Bakardadea pertsona bakarti bategaz lotzen dugu, izkina batean bakarrik dagoenagaz, eta ez da zertan horrela izan behar. Batzuetan, gizarte modura ere, iruditegi bat sortzen dugu, eta harremanak idealizatzen dira, eta nahi ditugun bezalakoak ez direnean, bakardadea sentitu dezakegu”. Gaur egungo harremanetan “garrantzia gehiago” ematen zaio sare sozialetan jasotzen den erantzunari, like bidezkoari, aurrez aurreko edo une txarretako mezu horiei baino.
Alde horretatik, egunerokotasuna edo oporrak kontatzeko behar hori dago, argazki, bideo edo testu bidez. Askok denbora gehiago ematen dute une horiek modu baten edo bestean hartzen, benetan unea gozatzen baino. “Ez dago inori egun ona igaro duzula kontatu beharrik, egun hori hobea bilakatzeko”.
Gandiagak uste du Koronabirusak eragindako konfinamendu garaian dagoen jendea badagoela oraindik ere: “Garai hartan 15-16 urte zituzten gazteek ezin izan zituzten bizi haien adinarengatik berezko dituzten esperientziak, eta oraindik zama hori gainditu gabe dute; eragina nabaria da”.
“Badirudi Instagramen zenbat eta jarraitzaile gehiago eduki, lagun gehiago dituzula, pozago bizi zarela”
Horrez gain, ikerketa denek erakusten dute autoestimua eta bakardadea lotuta dauden bi aldagai direla. Eta Gandiagaren ikerketan ere harreman hori berretsi besterik ez da egin: “Gaur egun, adibidez, gehiago kostatzen da ume bati ezetz esatea, ezin duela zerbait adierazi edo egin esatea. Horrela, ez dago frustrazioaren lanketarik, eta umeek hori behar dutela uste dut. Autoestimua ez da ume bati esatea dena ondo egiten duela, ez da erreala. Gurasoek eta hezkuntzako irakasleek bestelako lanketa egin behar dutela uste dut. Hau da, umeek jakin eta ikasi behar dute bakarrik egoten. Ulertu behar dute ez dela beti txarra, ondorio onak eta onurak atera daitezkeela horrelako egoeretatik”.
Esate baterako, etengabe bikote baten beharra duen jendea dago, inguruan askotan agertzen da, harreman bat amaitu eta berehala beste batean sartzen dena. Lagunekin ere antzeko zerbait bilatzen dutenak ere badaude. “Hutsune edo gabezia” bat estaltzen saiatzen dira, bakardadearen beldur dira. Baina badaude horrelako uneetan haien onena ateratzeko gai direnak ere: “Zenbait ikerketek erakusten dute sormen aldetik bakardadeak asko laguntzen duela, eta batzuetan beharrezkoa dela pentsamendu kritikoago bat lantzeko”.
Gizarteak bakardadearen esperientzia negatibotzat jotzen du. Bakarrik sentitzen den pertsonak nolabaiteko estigma soziala izan ohi du. Bakardadea gai tabua da; ez da horretaz hitz egiten eta jendeari kosta egiten zaio besteen aurrean bakarrik sentitzen direla onartzea.
Harrera ona
Horregatik, egin dituzten solasaldiek “espero baino harrera hobea” izan zutela aitortu du Gandiagak, 30 herritar inguru elkartu ziren, Etxebarrian: “Nagusiagoak izan ziren, eta Berriatuan gazteagoren bat edo beste ere bai”. Hitz egiten ez den errealitate baten inguruan hausnarketa bat izan zen, beharrezkoa. Bakardadea pertsona nagusiekin lotu ohi da, baina ez da kasua. Gazteekin lan egiten du Gandiagak eta horiek ere bakarrik sentitzen direla antzematen du.
Solasaldiaz gain, kasu praktiko bat ere jarri nahi izan zuten mahai gainean: baserrian bizi den emakume baten egoera. Edozein herritan gertatu daitekeena, alegia. Kasu horretan zelan lagundu daitekeen, pertsona hori zelan sentituko litzakeen eta herritarrek zer pentsatu dezaketen hausnartu zuten. Enpatia lantzeko ariketa osatu zuten. Hausnarketa eta iritzi “oso interesgarriak” egon zirela nabarmendu du, “gertutasunetik ikusten dituzten egoerak direlako”. Hain zuzen ere, herri txikietan bakardade kasuak identifikatzeko beharra azpimarratu zuten.
Gandiagak argi dauka “hasierako ikerketa bat” dela osatu berri duena; atzetik beste asko etorri beharko liratekeela deritzo. Hurrengo pausoa adin tarteetan oinarritzea izango litzateke, “horrela ziklo bitala aztertu ahalko litzateke, garai bakoitzak dituen egoerak eragina duelako”. Oraindik asko dagoelako hitz egiteko eta ikertzeko bakardadearen inguruan.