Akerbeltz Mutrikura itzuli da
Azken zazpi hilabeteetan Venezian egon ostean, herriko erraldoiari harrera egin diote gaur [urriak 11], Goiko Plazan. Akerbeltzek esan du “gogoak” zituela etxera itzultzeko, baina bitartean “toki desberdinetako jende asko” ezagutu duela bere bidaian,
Etxean baino hobeto inon ez. Akerbeltz Mutrikura itzuli da. Etxera. Seme-Alabak Gabonetan etxera itzultzen den bezala itzuli da Akerbeltz Mutrikura. Gaur [urtarrilak 11] merezitako ongi etorria egin diote mutrikuarrek, azken zazpi hilabeteetan Venezian (Italia) egon eta gero. “Gogotsu” egin diote harrera Goiko Plazan. Eguerdia baino lehen dagoeneko Mari, Urtzi eta Sorgina herriko beste hiru erraldoiak zain zituen, eta batez ere herritarrak. Eguraldiak lagundu ez baduen arren, tarteka euria egin du, herritarrek ez dute hutsik egin ongi etorrirako.
Txalo artean egin diote ongi etorria Akerbeltzi. Akerbeltzek esan du “gogoak” zituela etxera itzultzeko, baina bitartean “toki desberdinetako jende asko” ezagutu duela bere bidaian, “baina etxean bezala, Mutrikun, inon ez, eta hori mutrikuar eta euskaldun askoren bisitak jaso ditudala”.
Dantzen ostean, herriko txistulari eta danbolin jotzaileen laguntzagaz Beheko Plazara arteko bidea osatu dute. Bidean ere ez ditu txaloak falta izan erraldoiak. Kalejiran herriko kaleak goitik behera zeharkatu eta gero Goiko Plazan amaitu dute ongi etorria. Denek atera nahi izan dute argazkia Akerbeltzekin, itxaronaldia luze egin zaie. Herriko txikienak izan dira ilusio gehien erakutsi dutenak zalantzarik gabe.
Mutrikuko Erraldoi eta Buruhandien konpartsatik ere “pozik” agertu dira Akerbeltzen itzuleragaz. Hain zuzen ere, Akerbeltzenak eta Marirenak izan dira atera dituzten erraldoien lehen miniaturak. Gaur ere salmentan jarri dituzte Goiko Plazan. “Mutrikuko Udalak 2023ko abenduan erraldoien miniaturak egiteko beharrezko inbertsioa bere gain hartzea erabaki zuen eta egindako inbertsio horren emaitza daukagu herrian”.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Agerretxo zapata dendan daude egunerokoan salgai 20 euroren truke. Gogoratu dute, 325 ale daudela erraldoi bakoitzeko eta kopuru hori agortzekotan, berriro eskuratzeko aukera egongo dela aurrerago. Udalak salmenta hauekin berreskuratuko duen dirua beste bi erraldoien (Urtzi eta Sorgina) miniaturak egiteko erabiliko du hurrengo urteetan.
Bidaia luzea
Artea eta arkitektura uztartzen dituen Belgikako Petticoat Goberment kolektibo artistikoak munduko hainbat erraldoik osatutako diziplina anitzeko artelana osatzeko proiektua aurkeztu zuen, eta Akerbeltz aukeraturako erraldoietako bat izan zen Veneziako Biurtekoan parte hartzeko. “Erakusketako erraldoiek animaliaren eta gizakiaren arteko sinbologia zuten pertsonaiarekin osatu nahi zuten eta Akerbeltzen topatu zuten nahi zuten hori”, azaldu dute.
Euskal mitologia, euskal kultura eta euskara oinarri hartuta, erraldoiak egiteko proiektua amestu, gorpuztu eta errealitate bilakatu zuen Xiri Andonegi mutrikuarrak. Herriaren mugetatik kanpo atera eta munduari erakustea zen bere ametsetako bat, eta lortu ere egin dute.