Bote batek erabaki du partidaren noranzkoa
Hirugarren setean, 4-4 berdindu ostean, pilotak botea eman zuen Basqueren saskian, eta Ladutxek eta Mantzirentzako izan zen Winter Series txapelketako finalerdietako ligaxkako euren lehen partidua. Hiru puntu lortu zituzten Urrutia eta Basqueren aurka atzo [urtarrilak 13].
Partida gogorra aurreikusten zen Gernika-Lumoko Jai Alain, serioa, luzea eta berdintasun handikoa. Eta horrelakoa izan zen Winter Serieseko finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia atzo [urtarrilak 13]. Ludovich Ladutxek eta Mikel Mantzik Thomas Urrutia eta Thibault Basque zituzten aurrez aurre, eta bi bikoteak berdinduta ailegatu ziren partiduko azken tantora (4-4). Une erabakigarri horretan, pilotak bote argia eman zuen Basqueren saskian, eta Bidarteko atzelaria berehala konturatu zen. Hala ere, bi paretakoa jaurti zuen, baina, aurkariek, zaletuek zein VAReko epaileak argi zuten aurretiaz pilotak botea eman zuela bidartetarraren saskian. Puntistak ez zuen protestarik egin, eta hiru puntuak Ladutxe eta Mantzirentzako izan ziren; Urrutiak eta Basquek, aldiz, bakarra eskuratu zuten, eta ligaxkan bizirik segitzen duten arren, beste emaitza batzuen menpe daude. 14-15, 15-12 eta 5-4koa izan zen azken markagailua.
Partidaren hasiera trabatu samarra izan zen, baia setaren erdialdea gainditu ostean, puntistek lekua hartu zuten kantxan, eta erremateak egiten hasi ziren. Ladutxe eta Mantzi 2-5 galtzetik 10-7 aurretik jartzera igaro ziren, Basqueren huts egite eta tanto batzuen ostean. 11-9koa Ladutxeren dejada batek ekarri zuen. Eta, momentu horretan, Mantzik pilotakada bat jaso zuen bizkarrean, errebote baten ostean; momentuko mina gainditu ostean, arazorik barik jokatzen jarraitu zuen. Lehen seteko azken txanpan sartzerakoan, baina, Urrutia jokoan sartu zen eta erremate on bezain politak eskaini zutuen, bai barrura, bai bi paretetara. Eta, markagailuak 14-14koa erakusten zuenean, Urrutia sakera sartu eta dejada ezin hobe bategaz erabaki zuen lehen seta (14-15).
Bigarren seta lehenengoaren antzekoa izan zen: Urrutia eta Basquek aurrea hartu zuten (2-6), Ladutxek eta Mantzik berdintzea lortu zuten, eta jokoaren azken txanpan parekidetasuna nagusitu zen. Hala ere, set horretan opari gehiago egin zituen bikote moreak, eta Ladutxe eta Mantzi 10-12 galtzen joan baziren ere, eurek gailendu ziren, berdinketa hausteko seta behartuz: 15-12.
Hirugarren eta azken setean, tanto batera, bira, hirura eta laura berdindu zuten. Tentsio handia nagusitu zen tanto guztietan, partidari amaiera biribila eskainiz. Baina azkenean, pilotari lapurtarraren saskian botea eman zuen pilotak, eta aurrez aurrekoa horrela amaitu behar izan zen.
Partida gorabeheratsua izan zen, emozioa azken momentura arte eduki zuena, eta azken tanto horretara arte eutsi izana azpimarratu zuen Mantzik: “Hasieratik huts asko egin ditugu, gorabeheratsu ibili gara: tanto bat eurena, bestea gurea… Baina aurrez aurrekoaren azkenera arte eutsi dugu”. Ladutxek ere, lehen seta tanto bakarragatik galdu arren borrokatzen segitu izana nabarmendu zuen: “Txapelketa honetan ikusi da tanto bakoitza gogor borrokatu behar dela”.
VARak erabaki zuen azken tantoaren noranzkoa, eta zorte “apur bat” izan dutela onartu zuten biek ala biek partida amaitzerakoan: “Botea eman duela iruditu zait hasieran, baina batzuetan ez da asmatzen, eta epaileak erabaki bitartean jokatzen jarraitu behar da. Botea egon ezean, eurena izango zen partida. Zorte apur bat izan dugu”.
Garrantzitsua zen bikote urdinarentzat atzoko partida irabaztea, beste bi norgehiagoka dituztelako oraindik jotzeko, eta dagoeneko eskuratu dituztelako hiru puntu. “Irabazi izanak aurkari zuzenen aurka abantaila ematen digu. Puntu asko egon dira jokoan, eurek 2-0 galtzetik zetozelako, eta guk ere dena eman dugu. Hala ere, ez dago ezer erabakita oraindik”
Datorren astean, EƱaut Urreisti eta Gorka Sorozabal Daniatik (Florida) bertaratuko dira Gernikara, eta Aritz Erkiaga eta Ion Ibarluzearen aurka arituko dira.
SAILKAPENA
1. Erkiaga-Ibarluzea 4 pt
2. Laduche-Manci 3 pt
3. Urrutia-Basque 1 pt
4. Urreisti-Gorka 0 pt