Roberto Lekue: "Une aproposa aurkitu dudala uste dut, modu ezin hobean amaitzeko"
Zesta-punta ezin du hutsi, bere bizitza baita, odolean darama, baina Roberto Lekue ondarrutarrarentzat bere azkenengo txapelketa ofiziala izan da Berriatuko Masters Seriesa. Amaiera borobila eman dio bere ibilbideari.

Zelan bizi izan zenuen Berriatuko azken partida?
Orokorrean, txapelketaren harrera ikusgarria izan da. Partida guztietan sarrerak agortu dira, jendez gainezka egon da frontoia, eta giroa bikaina izan da. Niretzat ere, zelan ez, berezia izan da. Denbora neraman txapelketa ofizialei agur esateko garaia zela pentsatzen, eta horrelako azken aukera bat izateagaz oso eskertuta eta pozik nago. Zesta-punta ez dut guztiz utziko, Berriatuan aste bitarteko partidak jokatzen jarraituko dudalako, baina agur ofizial bat izan da, pausoa albo batera eman dut, gazteenei lekua uzteko. Une aproposa aurkitu dudala uste dut, modu ezin hobean.
Emaitzetatik haratago, amaiera borobila eman diozu ibilbideari.
Nire lagunak etorri ziren, 11 urte nituenetik ordu gehien pasa ditudan frontoian, Erkiaga bezalako aurkari baten kontra, Ortzi Argoitia gazteagaz atzeko koadroetan… bikaina. Etxean moduan sentitzen naiz Berriatuko frontoian. Egun zoragarria izan zen, ahaztezina. Gainera, partida polita izan zen, eta galduta ere, oso pozik amaitu nuen erantzunagaz.
Zelan ateratzen da puntista bat Ondarroa moduko frontoi eztalirik gabeko herri batetik?
Ez da erraza, garrantzitsuena ez dugulako: frontoia. Txikitatik jarraitu izan dut zesta-punta; aitak Ameriketan jokatzen zuen, eta 11 urtegaz Euskal Herrira itzuli ginenean, Berriatuko zesta eskolan izena eman nuen. Aita entrenatzailea zen, eta Ondarroatik Berriatura joaten nintzen entrenatzera eta jokatzera. Zesta-puntako bizitza Berriatuan egin dut.
“Zesta-punta odolean daramagun zerbait da, ez nik bakarrik, familiak”
Zer da zuretzat zesta-punta?
Odolean daramagun zerbait da, ez nik bakarrik, familiak ere bai. Eguneko 24 orduetan dugu pilota buruan. Zoratuta nago zesta-puntagaz, nire bizitza da, eta edozertan laguntzeko prest nago uneoro.
Aitak zelango eragina izan du?
Oso handia. Beti lagundu izan nau, txikitatik afizionatu mailara arte, edozein lekutara eraman nau. Eragin asko izan du nigan, aholku asko eman dizkit, eta ez bakarrik kirolekoak, bizitzakoak ere bai. Adibidez, betidanik aurrelaria izan naiz, baina duela 14 urte atzera pasatu nintzenean, bere laguntzari esker, nire jokatzeko era aldatu ahal izan nuen.
Zelango zaporea utzi dizu zure ibilbideak?
Oso ona. Hamabi urtez jokatu nuen Ameriketako Estatu Batuetan. Txikitan aritzen ginen ume guztien ametsa zena egi bihurtzea lortu dut. 1998an joan nintzen, eta hiru urte eta gero, Daniara joan nintzen. Lesio batengatik itzuli nintzen, eta Euskal Herrian Eusko Basque enpresagaz beste hiruzpalau urte jokatu nituen. Lagun asko egin ditut, Ameriketako Estatu Batuak ezagutzeko aukera izan dut, herrialdea, bizimodua, kultura eta guztia. Lesio asko izan ditut, eta horrek, agian, zapore garratzago bat uzten dit. Orain ere lesio batengatik utzi ditut txapelketa ofizialak. Belaunean hiru ebakuntza egin dizkidate, eta onena pauso bat alde batera ematea zen. Aukerarik onena izan dut agur esateko.
Esperientzia asko bizi izan dituzu.
Eta askotarikoak. Lesioak tarteko, nire jokatzeko era ere aldatu behar izan nuen, aurretik atzeko koadroetara pasatu. Argi neukan jokatzen jarraitu nahi nuela, asko gustatzen zitzaidala, eta jokatzen jarraitzeko egokitu behar izan nintzen. Batez ere lagun asko egin ditut, toki guztietakoak. Era berean, gauza asko ikasten dituzu, frontoi barruan zein kanpoan. Izan dudan ibilbidea errepikatu ahalko banu, zalantzarik gabe baietz esango nuke, eta hori esatea ez da erraza. Nire belaunaldikoek Ameriketako Estatu Batuetako gainbehera ezagutu genuen; nire aitaren garaian egoera bestelako zen. Bestetik, orain Euskal Herriko etengabeko gorakada bizitzen ari naiz, Winter Seriesagaz batez ere. Oso pozik nago kirolak hartu duen norabideagaz.
Zeintzuk dira aldeak?
Kirolak bera izaten jarraitzen du. Agian, lehenago gaur egun baino puntista hobe gehiago zeuden, aukera gehiago zeudelako, batez ere. Onenentzako dago bakarrik lekua profesionaletan. Enpresek apustu gehiago egin behar dituzte; gazteen artean badaude puntista on asko, aukera bat merezi dutenak. Ikusleen artean ere aldaketa handia dago. Lehen, apustuak tarteko, jende nagusiagoa joaten zen frontoira, baina gaur egun, toki guztietako gazteak datoz. Zabalkunde handiagoa dago Interneten, eta EITBk asko lagundu du hedapenean. Zesta-punta beti izan da kirol polita eta ikusgarria, baina orain zabalduago dago.
Zesta-punta osasuntsu dago.
Berriatuan behintzat bai, ikaragarrizko zaletasuna dago, ordu guztiak beteta ditugu entseguetarako. Euskal Herriko zesta eskola indartsuenetako bat da, Ander Bilbao eta nire aitaren lana ikusgarria da. Markina-Xemeinen, Gernika-Lumon, Durangon… herri askotan antolatzen dira partidak. Winter Seriesean ere aurten gazteak agertu dira: Mantzi, Urreisti, Atain, Argoitia, Ibarluzea… Eta beste asko daude, agian, lehen lerroan hainbeste ikusten ez direnak, baina maila altua dutenak: Antxon, Arbe, Salegi eta beste asko. Agian, ez dira hain gazteak, baina maila dute, eta bestelako aurpegi batzuk ikusteko aukera ematen dute. Azken batean, ulertzen dut ez dagoela guztientzako tokirik.
“Euskal Selekzioaren ofizialtasunak ilusio berri bat piztuko luke pilotarien artean, eta maila igo”
Zuk gazte asko hurbiletik ezagutzen dituzu. Zelan ikusten duzu Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aukera?
Duela urte eta erditik Espainiako hautatzailea naiz, baina euskaldun sentitzen naiz, eta batez ere uste dut beharrezkoa den zerbait dela. Uste dut ilusio berri bat pizten duela pilotarien artean, eta ez dugu ahaztu behar beste aukera bat ere badela. Pilotari, orokorrean, mesede egingo lioke, diziplinen mailak gora egingo luke. Kontu politikoa da, eta horrek konfrontazioa ekartzen du, eta hori da nik nahi ez dudana.
Euskal Selekzioa ikusten duzu 2026ko Argentinako Munduko Txapelketan?
Mundiala izango litzateke. Garrantzitsuena da gure neska-mutilak bertan izatea, beste esperientzia bat izatea, euskaldunen koloreak defendatzen.