Kide Kooperatibak 50. urteurreneko jai egitaraua aurkeztu du
Lea-Artibaiko ekintza arrakastatsuenetako batzuetako parte izango da Kide apiriletik aurrera. Urrian egingo dituzte ospakizunik handienak.
1975ean sortu zuten Jose Maria Arizmendiarretak eta Jose Maria Ormaetxeak Kide Kooperatiba. Hau da, aurten 50 urte betetzen dituzte eta merezi bezala ospatu nahi dute. Kooperatiba “arrakastatsua” dela nabarmendu dute eta horretarako, “beti ere, onura indibiduala baino kolektiboa lehenetsiz” egin dutela, gizarte-ongizatea sustatuz: “komunitatean, herrian eta pertsonen garapenean fokua jarriz”.
50. urteurreneko jai egitarau “dotorea” egin dutela esanez aurkeztu dute, “modu kolektiboan” ospatzekoa. Eskualdeko ekintza arrakastatsuenetako batzuen parte izan nahi dute. Apirilean emango diote hasiera egitarauari. Ondarroako Boga mendi martxako antolakuntzan lagunduko dute. Hain zuzen ere, parte hartzaileek kooperatibak diseinatutako kamiseta berezi bat jaso eta jantziko dute mendi martxarako.
Maiatzean Berriatuko Felix Aldazabal zesta-punta txapelketa babestuko du Kidek, eta ekainean Ondarroako Antiguako Ama traineruaren 2025 denboraldiaren aurkezpen ofiziala egingo dute kooperatibaren instalazioetan. Aurreratu dutenez, Eusko Label Ligan arituko den trainerua eta arraunlariak Kidera hurbilduko dira denboraldiari hasiera ofiziala emateko. Horrez gain, irailean, Kide babesle eta laguntzaile gisa egongo da Ondarroako haur arrantza txapelketan eta Ondarroa-Lekeitio lasterketan.
“Logoa 2025. urte osoan zehar egongo da ikusgai kooperatibak egiten dituen ekintza eta komunikazio ekintza guztietan”
Hala ere, ekitaldi nagusiak urrian egingo dituzte. Urriaren 3an ekitaldi instituzionala egingo dute haien egoitzan, Bizkaiko zein Euskadiko erakundeetako ordezkariak izango dira bertan. Hurrengo egunean, familien eguna ospatuko dute, ate irekien jardunaldia egingo dute. “Urriaren 4koa aitortza-ekitaldia izango da, langile eta familientzat, guztiei esker ona adierazteko eguna”, esan dute. Haurrentzako jolasak, puzgarriak, bertako gastronomiaren dastaketa, dantzarien emanaldiak eta askotariko musika jarriko dituzte. Bertan aurkeztuko dute Kideren 50 urteko ibilbidea jasotzen duen dokumental historikoa. “Kideren sorreratik gaur egunera arteko bidea, testigantzen bidez, jasotzen da dokumentalean”.
Logo lehiaketa
Kide Kooperatibak 2024ko azaroan jarri zuen martxan logo lehiaketa 50. urteurrenari begira. “Sekulako arrakasta” izan dela azpimarratu dute. 68 pertsonaren 83 proposamen jaso dituzte. Nabarmendu dute lanen %60, 30 urtetik beherako gazteenak izan dira eta horien jatorria ere askotarikoa izan dela: Mexiko, Guadalajara, Badajoz eta, batez ere, Berriatua, Ondarroa, Lekeitio eta Euskal Herriko gainerako herrietako lanak. Irabazlea, berriz, Rocio Escribano gaztea izan da, Guadalajarakoa. “Bere logoa 2025. urte osoan zehar egongo da ikusgai kooperatibak egiten dituen ekintza eta komunikazio ekintza guztietan”.