'Itoiz, udako sesioak' filma estreinatuko dute Lekeition
Ikusgarri zinema aretoak hiru proiekzio egingo ditu zapatutik [urtarrilak 25] astelehenera arte [urtarrilak 27].
Itoiz, udako sesioak filmaren estreinaldia egingo dute Lekeitioko ikusgarri zinema aretoan. Lea-Artibai eskualdean egingo duten emanaldi bakarra izango da momentuz. Zapatuan [urtarrilak 25] eta domekan [urtarrilak 26] 19:30ean izango dira proiekzioak eta astelehenean [urtarrilak 27], 20:30ean. Sarrerak salgai daude Ikusgarri zinema aretoaren webgunean. Horiez gain, Mutrikuko Udalak aurreratu du otsailaren 16an ikusgai egongo dela herrian.
Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendariek azaroan estreinatu zuten Itoiz. Udako sesioak filma, Bilboko Zinebi jaialdian eta lana gaur helduko da zinema areto komertzialetara. Taldearen esentziaren bila egindako “bidaia katartikoa” proposatzen duela diote.
Juan Carlos Perez taldeko konpositore eta abeslari mutrikuarraren oroitzapen eta iritziak bildu dituzte horretarako. Sortzaileak 14 urte inguru zituela grabatutako kasete bat eta orain artean argitaratu gabe egondako Ezekiel diskorako lehen grabazio batzuk biltzen dituen zinta bat ere entzun daitezke filmean, eta, justu azkenean, kreditu labur batzuen ondoren dator azken ezustekoa. Izan ere, ikusleak aukera izango du Itoizko musikariak Alkolea diskoko Lanbrora kanta elkarrekin jotzen ikusteko taldea desegin eta 30 urte geroago.
Harrera ona
Zuzendariek adierazi dute “pozik” daudela filmak orain artean izan duen harreragaz. Azaldu dutenez, Euskal Herrian ez ezik, erantzun ona jaso dute kanpoan egindako proiekzioetan ere. Bilboko Zinebi jaialdian ez ezik, Gijongo Ficx jaialdian ere aurkeztu zuten lana. Orain, ordea, “erronka handitzat” daukate areto komertzialetako estreinaldia.