Euriak ez ditu VI. Naberan herri kroseko korrikalariak gelditu
Gaur [urtarrilak 25] 211 korrikalarik hartu dituzte Ondarroako kaleak: 151 lasterketa handian eta 60 ertainean eta txikian.
Ondarroa herri kirolaria da, baina askotarikoa. Zubi Zahar Herri Ikastolak antolatutzen duen Jose Mari Naberanen omenezko VI. herri krosak ez du izaera lehiakorra, izaera herrikoia eta “inklusiboa” duen lasterketa da.
Gaur [urtarrilak 25], eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, euria egin du tarteka egun osoan, giro bikaina nagusitu da herriko kaleetan. Oraingoan zapatuan egin izanarekin bete-betean asmatu dute antolatzaileek. Gernika-Lumoko Etxera Trail entzutetsua edota Bermeoko Herri Lasterketa bertan behera geratu direlako domekarako [urtarrilak 26] emanda dagoen haize bolada handiengatik. Alerta laranja ezarri du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Horregatik, eguraldiagatik, dortsala hartzeagaz batera, lasterketa handiko korrikalariak beroketa lanekin hasi dira han-hemendik, kalea gora eta behera. Guztira 211 parte hartzailek izan ditu krosak, 151 nagusi eta 60 ume lasterketa ertain eta laburrean.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Aurtengo Naberan Krosa, gainera, berezia izan da. Herrira are gehiago hurbildu nahi izan dute antolatzaileek eta lehen aldiz Ondarroako Alde Zaharrean hasi eta amaitu da ibilbidea. Bidean partaideek ez dute txaloak eta animoak faltan izan, herritarrek bide bazterrak bete dituzte, euriaren babespean ahal izan ez gero. Euritakoek hartu dituzte bide bazterrak. Martxoan ordez, urtarrilean egitearen aldea nabaritu dute korrikalariek, euria izan baita protagonista. Hala ere, ez dute aitzakia bezala erabili abiadura bizian kaleak zeharkatzeko.
5 kilometroko, itzuli bakarreko, lasterketan, bizkorrena Enaitz Lopez izan da gizonezkoetan 16:01eko denboragaz eta Elena Beristain emakumezkoetan 21:04koagaz. 10 kilometrokoan, berriz, Idoia Nogales beste behin gailendu da 37:51ko markagaz eta mutiletan, Eñaki Elola izan da bizkorrena atzetik aurrerako lasterketa eginez 32:44ko denboragaz.
Berritasunekin jarraituz, izena eman duten parte hartzaile guztien artean zozketak egingo dituzte, krosaren laguntzaileek honetarako bideratu dituzten produktuekin. Aldatu ez dutena urteroko omendua da, aurtengoa, Ondarroako Arraun Elkartea izan da.
10 kilometro, gizonak:
-
Iñaki Elola: 32:44
-
Julen Etxebarria: 32:56
-
Ibon Badiola: 33:01
10 kilometro emakumeak:
-
Idoia Nogales: 37:51
-
Lola Oyarzabal: 38:50
-
Aitziber Urkiola: 39:28
5 kilometro gizonak:
-
Enaitz Lopez: 16:01
-
Alberto Arberas: 16:25
-
Markel Lasso: 16:31
5 kilometro emakumeak:
-
Elena Beristain: 21:04
-
Kayla Fernandez: 21:56
-
Naia Arantzamendi: 22:10