Gogotik hasi dituzte San Bizente Jaiak munitibartarrek
Gaur [urtarrilak 25] goizean, munitibar gazteak frontoian elkartu dira jolas artean, eta nagusiagoak, karpan, garagardo artean. Gauean kontzertuak izango dira protagonista.
Munitibartarrek hasiera eman diete San Bizente jaiei. Hain zuzen ere, atzo [urtarrilak 24] eman zieten hasiera ofiziala herriko txikienek, LH1 eta LH6ko umeek, haiek eztandarazi zituzten ospakizunak. Bariku iluntzean zesta-punta partidekin bezala, gaur [urtarrilak 25], frontoia izan dute elkargune herritarrek.
Egunak ez zuen beste askotarako laguntzen, hotza eta euria zen protagonista, eta ondorioz umeek pilotalekuko puzgarriak eta jolasak izan dituzte aterpe. Askotariko ekintzaz gozatzeko aukera izan dute eta eguerdira arte. Txikienak aspertzeko tokirik gabe, nagusiak karpan elkartu dira Garaiko kontserban jan-edanaz gozatzeko. Beste urte batzuetako txakolina edota ardo dastaketak alde batera utzi eta garagardo munduan sartu dira. Horrez gain, jatekoa ere ez dute falta izan.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Gauerako indarrak hartu beharra zegoen, luzea izango baita Munitibarren. Lau kontzertuko musika egitaraua prest dute, 22:00etatik aurrera, karpan: Uda, ChulerÃa, joder!, Garratz eta 48280 taldeak oholtzaratuko dira. Lea-Artibaiko herrietako Gababusak helduko dira eta giroa ez da faltako. Domekan [urtarrilak 26], pintxo artean elkartuko dira munitibartarrak eguerdian eta arratsaldean frontoira itzuliko dira esku pilota partiduez gozatzera.
 Atzo [urtarrilak 24] zesta-punta jaialdi ikusgarriaz gozatu ahal izan zuten herritarrek. Bi partida bikainez gozatzeko aukera izan zuten. Lehendabizikoan Erika Mugartegik eta Arai Lejardik gogotik egin behar izan zuten lan Elaia Goienola eta Frida Watkins 15-13 eta 15-9 irabazteko. Gizonezkoena ezin berdinduagoa izan zen, lehen bi jokoak azken tantoan erabaki ziren, bakoitza bikote batentzako. Lehendabizikoan, Aritz Erkiaga eta Jon Bullet Zabala nagusitu ziren, eta bigarrenean, Xabi Barandika eta Unai Lekerika. Azken jokoan gernika-lumotarrek 5-3 hartu zituzten mendean ispastertarra eta markina-xemeindarra.