'Miñan' Uni frontoira helduko da otsailaren 1ean
Sarrerak dagoeneko salgai daude eta antolatzaileek erosteko deia egin dute.
iñan liburua erabateko arrakasta izan zen, eta orain Miñan antzerkia beste arrakasta bat da. Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek idatzitako liburua antzerkira egokitu dute Timberlake Wertenbakerrek eta Ander Lipusek. Hain zuzen ere, Lipusen herrian, Markina-Xemeinen, aurkeztuko dute otsailaren 1ean, 19:00etan, Uni Frontoian. Sarrerak salgai daude udaletxeko kutxazainean, 12 euroren truke.
“Irakurri nuenean asko hunkitu ninduen obra da Miñan, baina nire buruan ez zegoen hori antzerkira eroateko ideia. Wertenbakerrek egin zuen liburuaren lehen itzulpena ingelesera. Londresen istorioa antzerkira eramateko asmoa zeukaten, baina pandemia etorri zen, eta atzeratu egin zuten. Niri pena ematen zidan euskaraz sortutako gauza bat lehenengo euskaraz ez erakusteak, eta, Londreskoa atzeratuta, momentu ona iruditu zitzaidan, guk egokitzeko”, azaldu du Lipusek.
Antzerkia “arrakastatsua” izaten ari da, eta harreragaz “harrituta” daude: “Hori oso ona da; bizipen hau zenbat eta jende gehiagorengana heldu, hobeto: askoz ere betegarriagoa da. Eta antzokiak jendez gainezka ikustea gauza ederra da”. Arnasa hartzeko “astirik ere ez dute”, baina, aldi berean, “oso pozik” daude: “Agertokiak betetzea bada fenomeno bat, oso ohikoa ez dena antzerkian; sold out mezuak jartzea ez da ohikoa. Hala ere, oinak lurrean izan behar ditugu, guk gure lana egiten jarraitu behar dugu. Gure asmoa jendea hunkitzea delako, jendearengana iristea. Eta horretan dihardugu”.
Kultura Saria
Bere ibilbide “emankor eta ederra” aitortzeko, Lipusek Markina-Xemeingo Kultura Saria jaso zuen, Gabonetan. Markina-xemeindarra “euskal antzerkiaren eta garai oso baten metafora” dela nabarmendu zuten, diziplinak azken 30 urtetan izan duen bilakaeraren adierazle “bikaina”: “Euskal kultura osoak underground-ean eztanda egin zuen garai batean hasitako ibilbidea da berea”.