SIreNERGY proiektuko bazkideak Errumanian egon dira
Urtarrilean, Lea-Artibai Fundazioko eta Berriatuko Udaleko ordezkariek parte hartu dute bidaian. Bertako lau proiektu ezagutzeko aukera izan dute.

SIreNERGY energia berriztagarrien sektorean berrikuntza soziala sustatzen duen proiektua da. Helburu dute Europan trantsizio energetiko “inklusiboago” bat sortzea. Horretarako, bidaiak antolatzen dituzte tokian tokiko proiektuak ezagutzeko. Urtarrilean, adibidez, Errumanian izan ziren. Lea-Artibai Fundazioko kideak bertan izan ziren, baita Joseba Goienola Berriatuko alkatea ere.
Iasi hirian, Errumaniako hiri nagusietako batean, herrialdeko landa ingurunean pobrezia energetikoan bizi diren familiei oinarritutako lau proiektu ezagutu dituzte. SIreNERGY proiektuaren baitan egiten duten laugarren bidaia da. 2023ko ekainean Bizkaian bertan izan ziren eta 2024ko otsailan Suedian eta ekainean Polonian. Maiatzean egingo dute bosgarren eta azken bidaia, Bulgariako Varna hirira.
Interreg Europe programaren baitan kokatzen den SIreNERGY proiektuak, Europako hainbat erakunde bildu ditu energia berriztagarria gizarte ekintzagaz konektatuko duten irtenbide berritzaileak aztertzeko eta inplementatzeko. “Talde kalteberentzat energia garbiak eskuratzea eta tokiko enplegua sortzea sustatuko duten elkarlaneko negozio eredu jasangarriak sortzean oinarritzen da egitasmoa”, azaldu dute.
Hain zuzen ere, orain arte atera duten ondorio nagusia da gizartea eragileak “hasieratik inplikatuta” egon behar direla energia berriztagarriekin lotutako edozein ekimenen garapenean. Elkarlana “funtsezkoa” dela diote eta horretrako komunitatearen kezkak, iritziak edota erantzukizunak hasieratik jakitea, eta ez amaitutako proiektu bat aurkeztea. “Ikuspegi parte hartzaile horrek gizarteak hobeto ulertuko eta onartuko duen instalazioa bermatzen du”.