Itzuliako etapa amaiera hartuko du Markina-Xemeinek
Apirilaren 10eko laugarren etapa amaieraz gain, Lea-Artibaiko errepideak zeharkatuko ditu tropelak azken etapan Trabakuko bi igoeragaz.

Markina-Xemein eta Lea-Artibai eskualdean txirrindularitza gogotik bizitzen da. Lasterketa asko eta asko pasatzen dira inguruko herrietatik, eta orain Itzuliako etapa amaiera hartuko du Markina-Xemeinek. Duela bi urte Etxebarrian hasi zen Itzulia Womeneko lehen etapa eta Markina-Xemeinen amaitu zen, eta egun euritsuan Demi Vollering nagusitu zen. Buesa Arenan hasiko da apirilaren 7an eta, ohi bezala, Eibarren amaituko da 12an.
870,20 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik munduko txirrindularirik onenek. Antolatzaileek adierazi dute ibilbidea “oso irekia” dela eta nahi dute lasterketa “azken egunera arte” erabakita ez egotea. Ohartu dute zenbait etapa tranpa daudela; “beraz, faboritoak erne ibili beharko dira eta euren onena eman beharko dute”. Parte hartzeari dagokionez, “goiz da hitz egiteko, oraindik ez baitugu buletinik jaso, baina ziur gaude, etortzen direnak etortzen direla, ikuskizun bikaina izango dugula, lasterketa honetan ohikoa den moduan”. Aurtengo Itzulian, 23 mendate puntuagarri egongo dira: 1. kategoriako 4, 2. kategoriako 3 eta 3. kategoriako 16. Helmugako hobariak izango dira (10”, 6”, 4”) eta baita tarteko esprintetan ere (3”, 2”, 1”).
“Faboritoak erne ibili beharko dira eta euren onena eman beharko dute”
Mattias Skjelmose Jensen, Carlos Rodriguez, Pablo Castrillo, Enric Mas, Aleksandr Vlasov edota Joao Almeida bezalako txirrindulariak bertan izango dira. Pello Bilbao bera ere irteera lerroan egongo da, Gernika-Lumon amaituko den bosgarren etaparen diseinuan parte hartu du. Ziurra da ziklista garrantzitsuak faltako direla. Iaz, Jonas Vingegaard, Primoz Rogliceta Remco Evenepoel aritu ziren, baina, aurten, hiru horietako bakar bat ere ez da ariko, ez baitute Itzulia euren lehiaketa egutegietan, ezta Juan Ayuso iazko garaileak ere. Hiru txirrindulari horiek ez dute oroitzapen ona azken ekitaldiaz, beste hainbat ziklistarekin batera erori baitziren laugarren etapan, Oletako mendatea jaisten ari zirela. Hirurak erretiratu egin ziren.
Markina-Xemeingoa etapa gakoa izan daiteke. Aurreko egunean, txirrindulariek zazpi mendateri egin beharko diete aurre eta atsedenik gabe, beste zazpi mendate izango dituzte zain, tartean lehen mailako Izua. Igoera horretan erabaki daiteke hein handi batean etaparen garailea, eta sailkapen orokorrean ere distantziak ezarri daitezke. Igoera ez da errepide orokorretik edo Krabelinetik Arraterako igoeratik egingo; izan ere, Matsaria industriagunetik joango da, baserri artean doan eta %20ko maldak dituen errepide oso estu batetik.
[IKUSI MARKINA-XEMEINGO ETAPA]
Gainontzeko etapei dagokionez, Buesa Arenatik atera eta Gasteizko kaleak zeharkatuko dituen 18,7 kilometroko erlojupekoa izango da. Bigarrena Iruñatik aterako da, Itzuliko etaparik luzeena izango da ia 200 kilometrokoa, baina esprintean amaitzekoa dirudiena. Apirilaren 9koa, Zarautz eta Beasain artekoa, aurreikusi dute etapa Erregina bezala, ez da oso luzea 156 kilometro, baina zazpi mendategaz.
Laugarren etapak Beasain eta Markina-Xemein lotuko ditu. Bosgarrena Gernika-Lumokoa izango da. Morgatik sartuko da Itzulia Busturialdera, baina behin murgilduta, izendatuta ez dauden beste hainbat muino igaro beharko ditu tropelak: Akorda edo Zallobante, adibidez. Bilbaok ondo baino hobeto ezagutzen dituen horiek, hau da, etapa jostagarria izango da eta gernika-lumotarrak berak begi asko izango ditu gainean. Kokapena “oso garrantzitsua” izango dela diote.
Azken etapa ohi bezala Eibarren amaituko da, baina ez Arraten, hirigunea baizik. Hain zuzen ere, Markina-Xemein eta Lea-Artibaiko errepideak zeharkatuko ditu Trabakua bi aldiz igoz. Horrez gain, berritasuna da Gorlako aldapa kendu dutela, baina Krabelin, Karabia edota Izua igaro beharko dituela lehen postuetan txapeala jantzi nahi duenak.