Inauterietan zehar ibilbide bat egingo dute
‘Ihauteriak bizi’ antzezlana aurkeztuko dute zapatuan [otsailak 22], 18:00etan, probalekuko aretoan.
Txopitturri Guraso Elkarteak antolatuta, Ihauteriak bizi antzezlana aurkeztuko dute, zapatuan [otsailak 22], 18:00etan, probalekuko auditorioan. Kiliklon taldeko Miruk zuzendutako ikuskizuna da, herriko txikienentzat pentsatutakoa.
Inauteriak, ihauteriak, ihoteak edo aratusteak mundu osoan zehar neguaren bukaera aldera ospatzen diren jaiak dira. Munitibarren, adibidez, martxoaren 1ean ospatuko dituzte. Hain zuzen ere, zapatuko antzezlaneko protagonistek aratusteetako kontakizun eta abestien bidez ibilbide bat proposatzen dute. Euskal Herrian zehar bidaiatuko dute ikusleek, pertsonaia desberdinak ezagutuz: Zuberoako Maskaradak, Arizkungo Hartza, Mamoxorroak, Lantzeko Miel Otxin eta Ziripot, Ituren eta Zubietako Joaldunak, Mundakako Atorrak…
Dantza eta abestiekin
Ikuskizun musikatua izanik, abestiak eta dantzak dira antzezlaneko protagonistak. “Musika pedagogia erabiliz, Miruk gorputzeko atalekin soinu eta erritmoak egiten irakatsiko digu”, azaldu dute. Beraz, familiei bertaratzeko deia egin diete.