Erkiaga eta Mantzisidor, Biscayne Cupeko lehen txapeldunak
Zapatu gauean [otsailak 22] izendatu ziren irabazle Daniako frontoian Johan eta Lopez 2-0 mendean hartu ostean.

Mailarik altuenetako Jai Alai Ameriketako Estatu Batuetara itzuli da. Asteburu “berezia” bizi izan dute Daniako frontoian, aspaldiko garaietara itzuli dira, zesta-puntaren momenturik onenetara. Hain zuzen ere, elkargune bezala ere planteatu izan dute Biscayne Cup, baita lortu ere. Kirol arloan, Aritz Erkiagak eta Mikel Mantzisidorrek jantzi dute txapela.
Duela astebete eskas Gernika-Lumoko Winter Seriesen elkarren aurka jokatu ostean, Danian bikote osatu dute. Jai Alai frontoiko beste bikote indartsu bat izan zuten aurrean: Johan Sorozabal eta Imanol Lopez. Finalak hasiera hotza izan zuen, kosta zitzaien puntistei partidan sartzea, batez ere bikote grisari, ohi baino pilota gehiago galdu zituzten. Ispastertarrak, aldiz, pilota aurkitu zuen bakoitzean ez zuen barkatu: 10-3 aurre hartu zuen bikote horiak. Erreakzionatu beharra zuten, baita egin ere, lau tanto jarraian eginez partidan sartu ziren Johan eta Lopez. Baina ispastertarrak eta mutrikuarrak pilota motelagaz bete-betean asmatu zuten, atzelaria fidagarri agertu zen eta aurrelariak bere ohiko maisutasuna erakutsi zuen tantoa amaitzerakoan. 15-10 lehen jokoan.

Harmailak beteta.Eraman Jai Alai
Bigarren seteko hasiera oso bestelakoa izan zen. Johanek aurrerapausoa eman zuen, gehiago eta hobeto sartu zen jokoan, eta errematean finago aritu zen. Batzuetan sake errestoan, baina batez ere kontraerasoan egin zuen min Sorozabalek, Erkiagaren bi paretetara heldu eta tantoak berak amaituz. Hala ere, aurretik joan ziren atsedenaldira horiak, 8-7, baina markagailuan aurrea hartzea lortu zuten grisek: 9-10. Berdintasuna izan zen nagusi azken tantoetan, Lopezek bere esperientzia baliatu zuen behin baino gehiagotan. Azken tantoan, berriz, 14nako berdinketagaz, huts egin zuen zumaiarrak. Daniako frontoia bete zuten ikusleak desiatzen ari ziren azken setik gabe geratu ziren.
Mantzisidor “oso pozik” agertu da “partida on bat jokatu ostean” txapela irabazi dutelako: “Hasieran konfiantza hartu nahi izan dut, tantoak landu hutsegiterik ez egiteko. Lehen helburua lortuta, azken tantoetarako konfiantza eman dit erakutsitako sendotasunak”. Erkiagak esan du “aurkari oso gogorrak” izan dituztela aurrean, baina haiek gehiago asmatu dutela pilota motelagaz. Biek ala biek nabarmendu dute Daniako frontoiak izandako giro bikaina: “Duela lau urte itxi zutenean ez genuke esango itzuliko ginenik, baina hemen gaude era jarraipena emateko intentzioagaz”.
Asteburu bete-betea
Txapeldunek sufrimendu handiagoa pasa behar izan zuten finalaurrekoan. Hiru setetan hartu zituzten mendean Xabi Barandika eta Unai Lekerika. Lehen jokoa 11-15 irabazi ostean, bigarrenean 9-14 aurreratu ziren, baina bikote gernikarrak Erkiagaren eta Mantzisidorren hutsak baliatu zituzten hirugarren jokora heltzeko. Azkenean, ordea, ispastertarraren kalitatea nagusitu zen. Lehen finalaurrekoan, Johanek eta Lopezek 2-0 menderatu zituzten Urreisti eta Gorka, lehen eta berdindua izan bazen ere, 15-14, bigarrenean gazteek ez zuten maila mantendu: 15-11.