Kirola oinetan
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.

Urtza Agirre Lersundi (Ondarroa, 2004) atleta da. LH-3n Ondarroako atletismo taldean sartu zen, eta lehenengo urteetan atletismoa igeriketarekin eta futbolarekin bateratu zuen. DBH-1etik Batxilergoa amaitu arte, Durango Kirol Taldean ibili zen, eta Gasteizen Mendizabala LHII-n Kirol eta Animazio Soziokulturaleko goi mailako gradua egiten hasi zenean, Barrutia Atletismo Taldean entrenatzen hasi zen. Hasieran, Durango Kirol Taldeko partaide izaten jarraitu zuen, baina Gasteizko egonaldiko bigarren urteari ekin zionean, Barrutia taldearekin entrenatzeaz gain, taldearen parte izatea erabaki zuen. Hori dela eta, 2023tik Agirreren kirol taldea Barrutia AT da.
Gaur egun, fisioterapia ikasten ari da EUNEIZ unibertsitatean, eta Barrutiari lotuta jarraitzen du, baita irakasle modura ere: aurreko urtean, benjamin-aurreko kategoriako atletak entrenatzen aritu zen Arabako hiriburuan. Hortik aparte, udan atletismo campusean (Gasteizen bertan) eta udalekuetan (Madrilen) lan egin izan du.
Durango Kirol Taldean 800 metroetan eta 400 metroetan aritu izan da gehienbat, eta Barrutia Atletismo Taldean 400 m eta 400 hesiak ikasten ari da.
Emaitzei dagokienez, Euskadi eta Bizkaia mailan ia beti lortu du lehenengo hiruren barruan sartzea, eta horrez gain, Espainiako txapelketetan lehiatu izan da.
Agirrek dio kirol ibilbidean ez duela oztoporik identifikatu izan emakume izatearren. Aldiz, taldean beti babestuta sentitu izan da: «Izan ere, atletismoa nahiz eta bakarkako kirola izan, neurri batean taldekoa ere bada, eta taldean egoteak segurtasuna eta indarra ematen ditu. Horrekin batera, jakina, etxekoen babesa eduki dut beti».
Ondarroan bizi izanda, Gasteizera ikastera joan aurretik ordu asko ematen zituen joan-etorri hutsetan: «Atletismoa egiteko herritik irten behar zara. Nire kasuan, Ondarroatik Durango gelditzen zitzaidan hurren. Askotan autobusean joaten nintzen, eta horrek ordubeteko bidaia esan nahi zuen joateko eta beste ordubete bueltatzeko. Azken batean, kirol bat asko gustatu behar zaizu bakarrik desplazamenduetan horrenbeste denbora emateko».