Errigoraren udaberriko kanpaina abian da, eskutik eskura
'Beste modura, denona da onura' lelopean hasi du Errigorak udaberriko kanpaina atzo [martxoak 10]. Martxoaren 26ra arte abian izango da nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura jasotzeko aukera.

Errigorak atzo (martxoak 10) eman zion udaberriko Eskutik Eskura kanpainari hasiera. Beste modura, denona da onura lelopean hasi dute martxoaren 26ra arte iraungo duen kanpaina. Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bideaemanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
“Egungo kontsumo ereduaren onuradun nagusiak bitartekariak dira, herritarron elikadura negoziorako tres-
na erabiliz aberasten direnak. Horrek kinka larrian jartzen gaitu ekoizle nahiz kontsumitzaileak, horien ongiza-
tea enpresarien espekulazio-ariketek baldintzatzen dutelarik”, azaldu dute Errigoratik. Hori dela eta, testuinguru ezegonkor horrek, “bestelako eredu bat sortu eta bultzatzeko beharra” azaleratzen duela nabarmendu dute, kanpainaren helburuetako bat “eguneroko kontsumo ohituretan eragitea” dela aipatzearekin batera.
Gauzak horrela, udaberrian “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura jasotzeko aukera” ematen du Errigorak. Jakinarazi dute, hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezkeela, auzolanari esker, “norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan”. “Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan, planteamendua urte osorako beste eskatzea da-eta”, gogoratu dute.
Errigoraren antzerako lana egiten duten beste elkarte eta ekimenak ere goraipatu dituzte: “Elikadura burujabetza da Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko erabakimena ere herriaren eskuetan egotea. Horretarako, ekoizle nahiz kontsumitzaileen parte- eta kontzientzia-hartzea ezinbestekoak dira. Bide hori sustatuz, denon komunitate osoaren zaintza helburu nagusi bilakatzen da. Horrela, eskematik kanpo uzten ditugu bata zein bestearen miseria elikatzen duten enpresa erraldoien interesak. Bestelako kontsumo bat bultzatzeak, onurak dakarzkigu denontzat. Errigoraz gain, badaude herriz herri bestelako kontsumo eredu baten alde lanean dabiltzan kontsumo-elkarte eta bestelako ekimenak ere”.
Horrelako ekimenen onurak pertsonalak zein kolektiboak izan daitezkela argi du, hain zuzen ere, Errigorak. “Bide honek ekoizpena eta kontsumoaren arteko bitartekaritza-eredua eraldatzea-rekin batera, horien arteko zubiak sortzen ditu. Biak hurbiltzeak gardentasunean eta sareak sortzean aurrera pausoak ematen laguntzen digu, horrela, euskal lurraldeen arteko lotura ekonomiko zein sozialetan sakonduz”, azpimarratu dute. Era berean, ekoizleentzat, nafarroarrentzat eta Euskal Herriarentzat onurak ekarriko dituela defentu dute.

Argazkia: Errigora.
Berritasunak.
Beste behin, berritasunekin abiatu dute udaberriko kanpaina: “Arroz konbentzionala (12kgko lotea) itzuliko da gure katalogora. 12kg-ko bi lote desberdin izango ditugu: bonba eta lidoa. Lekaleak, hau da, dilista eta txitxirioak, lehen aldiz bakoitzak bere lote propioa izango du, kiloko poltsetan etorriko direnak. Arbendolak moten arabera banatutako loteetan eskainiko ditugu 120g-ko 12 paketeko loteetan: batettik, txigortuak gatzarekin, eta bestetik, naturalak. Pasta loteak ere izango ditugu, 400g-ko paketeetan ohiko makarroi txuria eta albahaka fussilariaz. Azkenik, ardo-sortak ere baditugu aurten. Guztiak eredu ekologikoan ekoiziak dira, eta bi motako sortak ditugu: ardo bereziak eta gorenak”.
Eskaerak egiteko azken eguna martxoaren 26a dela argitu badute ere, banaketa “bi txandatan” egingo dute: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak. Eskaerak, halaber, online bidez zein telefono bidez egin daitezke: “Hego Euskal Herritik (+34) 848 87 12 23 telefonora deituz egin behar dira eskaerak, eta Ipar Euskal Herritik (+33) 532 09 35 45 telefonora deituz”.