Biolandare mintegia Merkatu Txikian egongo da
Zapatuan [martxoak 15] egingo dute, 10:00etatik 14:00etara, Merkatu Plazan.
Merkatu Txikiak beste zapatu batez hartuko du Mutrikuko Merkatu Plaza. Etzi [martxoak 15], 10:00etatik 14:00etara, askotariko produktuz beteriko 10 postu egongo dira herritarren aukeran. Gaineratu dute, Merkatu Txiki “berezia” izango dela, herriko ekoizleen parte hartzea izateaz gain, oraingo honetan, Biolandare mintegiak parte hartuko baitu.
Biolandare, Gamiz-Fikan kokatua dago eta Bizkaiko lehen mintegi ekologikoa da. Eskaintzen dituzten hazi eta landare guztiak %100 ekologikoak dira. Bertan sortuak, puntako teknologiaren laguntzarekin. “Espezie sorta zabala eskaintzeko aukera dugu, bai nekazari profesionalarentzat bai nekazari amateurrarentzat”, diote.
Hain zuzen ere, Mutrikuko Merkatu Txikian haien produktuak ikusi eta saltzeko postuaz gain, baratzegintzako zalantzak argitzeko eta informazioa trukatzeko txokoa jarriko dute. «Hurbiltzen den edonori, zalantzak argitzeko edo informazioa luzatzeko prest egongo dira. Aholkularitza pertsonalizatua eskainiz. Doakoa izango da», zehaztu dute antolatzaileek.
Askotarikoak
Horrez gain, hurrengokoak izango dira zapatuko Merkatu Txikian parte hartuko duten herriko ekoizleak, hamar guztira: K.Amets, Iratxe lorak, Lamiuma, Ekoalboraz (barazkiak), Mikkota Arta (bitxiak), Zortziko (eztia), Amaia Aberasturi, Anabel Muñoz, Ibiri (barazkiak) eta Mutrikuko Institututua.