Txirrindulariak, errepideak hartzear
44. San Gregorio Saria eta 43. Aitxekutz Sariak lehiatuko dituzte bihar, Berriatuan hasi eta amaituz, eta ibilbidean Lea-Artibaiko errepideak zeharkatuz. Inguruko txirrindularitzaren egoeratik aldenduta, berriatuarren eta babesleen laguntza eskertu dute: Goxalde Elkartea omenduko dute.

Udaberria hurbiltzeagaz batera, perretxikoak ateratzen diren bezala, txirrindulariek errepideak hartzen dituzte. Lea-Artibai, gainera, eskualde txirrindularitza zalea da, Euskal Herria, oro har. Berriatuan, adibidez, urtero, zapatu batez txirrindulariek herria hartzen dute. Aurten, zapatu hori biharkoa [martxoak 15] izango da.
44. San Gregorio Saria eta 43. Aitxekutz Sariak lehiatuko dituzte. Nagusi eta 23 urte azpikoen kategoriako 10. Asier Aranceta Memoriala goizean, eta junior mailako 24. Juan Luis Kanterape Memoriala arratsaldean. Euskaldun Torneoko eta Bizkaiko Kopako proba puntuagarriak dira, hurrenez hurren.
Berriatuko Txirrindulari Elkartean esperientzia handia daukate lasterketak antolatzen. Aurten, adibidez, iazko ibilbide bera erabiliko dute. Euskaldun Torneoko hirugarren geralekua izango da, duela bi aste Ereñon jokatu eta gero. Horrez gain, urrutira joan barik, martxoaren 29an, Markina-Xemeingo elkartearen txanda izango da Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkoagaz.
“Gogorra izatea nahi dugu, lasterketa apurtzea eta horretarako azken igoera erabakigarria da“
Txirrindulariek ohiko ibilbideari egin beharko diote aurre 09:45etik aurrera, guztira 119,7 kilometro eta 1.583 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dituzte. Mereludiko gaina hiru aldiz igaroko dute eta Ispasterko Gardatza gaina beste bitan, baina badirudi Asterrikako azken igoera izango dela erabakigarriena. Lehenago, Kalbaixo, Lekoitz edota Mendexa igotzen zituzten, eta azken urteetan Asterrikaren aldeko apustua egin dute. Azken batean, horrelakoetan argi dago: ondo funtzionatzen duena ez da ukitu behar.
Aldagaiak
“Gogorra izatea nahi dugu, lasterketa apurtzea eta horretarako azken igoera erabakigarria da. Gure errepideak horrelakoak dira, gorabeheratsuak, eta Asterrikaz gain badaude min egiteko beste toki asko”, adierazi dute antolatzaileek. Juniorretan kontrol gutxiago egoten denez, taldeen aldetik “edozein lekutan” apurtu daiteke lasterketa, baina nagusien artean beharrezkoa da “bestelako zerbait”.
Berriatuan zaila da, ezinezkoa ez esateagatik, tropel handi bat heltzea eta irabazlea esprintean erabakitzea. Talde txikiak sortzen dira, edo bestela, banan-banan helmugaratzen dira. 12:45ean inguru helduko da irabazlea Zeharbide kaleko helmugara.
Ibilbidearen gogortasunaz gain, biharko lasterketak bestelako aldagai garrantzitsu bat izan dezake: eguraldia. Asterrikako igoera gogorra da, baina jaitsiera arriskutsua izan daiteke euriagaz: “Abiadura handia hartu daitekeen jaitsiera da, bihurguneak ere teknikoak dira, baina behar besteko segurtasun neurri guztiak jarriko ditugu”. Horrez gain, kostaldetik sartzen den hezetasunak ere zeresana eman dezake. Alde horretatik, hobe da euri asko egitea, gutxi eta errepidea heze egotea baino.
“Bizkaian, Gipuzkoan ez bezala, Motorzain Elkartea daukagu lasterketetan motorren laguntza izateko”
Bizkaiko Kopa lehiatzen duten juniorren txanda 16:00etan iritsiko da. 83,9 kilometroko ibilbidea osatu beharko du tropelak Mereludiko igoera bi aldiz igoko dute eta Gardatza eta Asterrika behin eta 18:00etan inguru helduko dira helmugara.
Ezbaian
Azkenaldian euskal txirrindularitzaren jarduna ezbaian dago. Gipuzkoan, adibidez, hilabete asko daramatzate lasterketak antolatzeko arazoekin, txirrindularitza federakuntzan ere aldaketa izan da, eta manifestazioak egin dituzte. Berriatuko elkartetik azaldu dute Bizkaian ez dagoela horrelako arazorik: “Bizkaian, Gipuzkoan ez bezala, Motorzain Elkartea daukagu lasterketetan motorren laguntza izateko”.
Lea-Artibaiko errepideak bigarren edo hirugarren mailakoak dira, hau da, ez dira hainbesteko zirkulazioa duten guneak, akaso, Markina-Xemein eta Ondarroa artekoak dauka gehien. Horrez gain, orain ez dago udan, turistekin, egon daitekeen joan-etorri kopuru bera: “Gipuzkoako lasterketa asko, adibidez, N-1 errepidetik igarotzen dira eta bertatik ibilgailu asko eta asko igarotzen dira egunero; beraz, zailagoa da antolaketa egoki bat egitea”.
Azken asteetako beste albiste nagusietako bat izan da euskal txirrindularitzan Ordiziako Klasikoa bertan behera geratzeko arriskuan egon dela, babesle eta diru faltagatik. Munduko bigarren lasterketarik zaharrena da, Flandriako Tourraren atzetik. 1922an antolatu zuten lehen aldiz, eta geldialdi bakarra izan du, gerragatik, 1936tik 1939ra. Desberdintasunak desberdintasun, Berriatuko Txirrindulari Elkartetik «oso eskertuta» agertu dira San Gregorio eta Aitxekutz Sariak babesten dituzten enpresa guztiekin: “Maila oso desberdineko lasterketak dira, aurrekontuek ere ez dute zerikusirik”. Hala ere, Ordiziako Klasikoa bezalako lasterketa bat arriskuan egoteak, euskal txirrindularitzaren oinarriak kolokan jarri ditu. Alde horretatik, lasterketak duen babesa goraipatu dute, iaztik babesle bakarra galdu dute, baina bizpahiru berri lortu.
“Bakoitzak ahal eta nahi duena ematen du, batzuentzat gutxi dena beste batzuentzat asko da; dena da ongi etorria“
Eskerrak
Guztien ekarpena eskertzen dute. Badaude lehen lasterketatik laguntzeko prest agertu direnak, eta bertan jarraitzen dutenak. “Dena ez da arlo ekonomikoa, horrelako fideltasunak lasaitasuna ematen dizu, bakoitzak ahal eta nahi duena ematen du, batzuentzat gutxi dena beste batzuentzat asko da; dena da ongi etorria”. Antolakuntzatik ere jarraikortasun hori mantentzen saiatzen dira: Azken hamabi urteetan ez dute kuotarik ia altxatu.
Hain zuzen ere, ibilbideko bihurgune horietan egongo diren laguntzaile boluntario guztiei ere eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete. Bakoitzak nahi eta ahal duen moduan laguntzen du.
Goxalde Elkartekoak omendu nahi dituzte aurten, “urteetan edozertan laguntzeko izan duten prestutasunagatik”. Zapatuan, esate baterako, lasterketa bien artean, laguntzaileentzako bazkaria egingo dute Goxalde Elkartekoek.