Iñaki Trujillok eutsi du gehien eta ondoen
Berriatuko 44. San Gregorio Saria hotzak eta euriak markatu du. Ihesaldiak osatzeko indarrik gabe, azken metroetan erabaki da lasterketa.

Euria eta hotza izan dira protagonista gaurko [martxoak 15] 44. San Gregorio Sariko protagonista nagusiak. Denetarako eguraldia egiten zuen, bizikleta gainean aritzeko baino. Ateri hasi badu ere, goizak aurrera joan ahala, euria agertu da. Berezko ibilbidearen gogortasunari, eguraldiarena gehitu zaio.
Beste urte batzuetan ez bezala, tropela ez da mila zatitan banatu eta elkartuta heldu da Asterrikako azken igoerara. Saiakerak egon badira ere, eguraldia ikusita, txirrindulariek nahiago izan dute tropelean indarrak gorde. Ez zen abenturetarako eguna, haizea ez bakarrik, euria eta hotza hartu beharra zegoen ihesaldian.
Gauzak horrela, Asterrikako igoeran apurtu da lasterketa. Indartsuenek egin dute aurrera eta Iñaki Trujillok jaitsiera arriskutsuan jo du erasoa. Metro gutxi batzuk hartu ditu, nahikoak Berriatuko azken bihurgunera lehen postuan ailegatzeko. Ia irabazi baino lehen besoak altxatu baditu ere, garaipenak ez dio ihes egin Eiser etxeko txirrindulariari. Bigarren Iker Diaz izan da eta hirugarren Diego Ruiz de Arkaute, biak ala biak Caja Rural etxekoak. Aimar Galdos da Euskaldun Torneoko lider. Lea-Artibai eskualdeko lehendabizikoa Bingen Zatika izan da.
Baina lasterketa ez da helmugan amaitu. Txirrindularien aurpegiek dena zioten, hotzak hartuta zeuden. Berehala sartu dira kotxeetan arropaz aldatzera eta modu batera edo bestera gorputza berotzen saiatu dira. Larrialdi zerbitzuek parte hartzaile bat artatu behar izan dute eta guzti, hotzak jota.
IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN
Trujillo irabazleari besteei baino arinago pasa zaizkio hotzikarak, “pozik” agertu da: “Lasterketa oso gogorra izan da eguraldiagatik, baina hala ere, oso arin joan gara goiz osoan zehar. Asterrikako azken igoerarako indar falta handia nabaritzen zen, eta beheranzkoan erasoa jo dut. Metro gutxi batzuk aurreratu naiz, indarrez justu geunden guztiok eta nahikoa izan da helmugara ailegatzeko”. Irabazleak nabarmendu “lasaitasuna” eman diola Berriatuko garaipenak. Iazko Markina-Xemeingo Haitzasko Oroimenezko irabazleak “presioa” nabaritu izan du, berak jarritakoa eta kanpokoa, eta horregatik “irabazteko beharra zegoen”.
Prestutasuna
Sari banaketaren ostean, Berriatuko Txirrindulari Elkarteak omenaldi berezia egin nahi izan dio herriko Goxalde elkarteari. “Lasterketetan beti prest egon dira txokoa zabaltzeko eta jan-edana jartzeko. Horretarako ere jendea behar da eta oso eskertuta gaude hainbesten urtetan erakutsitako prestutasunagatik”, esan dute. Txapela jaso dute oroigarri Goxaldekoek.
Horrez gain, Berriatuko Txirrindulari Elkarteak laguntzaile moduan aritu diren 50 pertsona ingururi eskerrik beroenak eman nahi izan dizkio. “Haiek barik ezingo genituzke lasterketak aurrera eraman eta herrian dugun laguntza ikaragarria da eta egunero eskertu beharrekoa”.
Bizkaiko Kopa lehiatzen duten juniorren txanda 16:00etan iritsiko da. 83,9 kilometroko ibilbidea osatu beharko du tropelak Mereludiko igoera bi aldiz igoko dute eta Gardatza eta Asterrika behin eta 18:00etan inguru helduko dira helmugara.





















































