Euskararen iragana, oraina eta etorkizuna oinarri, 'Jalgi hadi' dokumentala egingo dute
Dokumental bat egingo dute Korrika ardatz hartuta, euskararen egoera eta etorkizuna irudikatzeko. Horretarako, dirua biltzeko kanpaina abiatu dute 'www.jalgihadi.eus' webgunean.

Korrikarako urtebete falta denean, AEK-k iragarri du dokumental bat egingo duela, Mirokutana ekoiztetxearekin: Jalgi hadi! “Euskara bidegurutzean aurkitzen da berriro, eta euskaltzaleok berpizkunde berri bat abiatu behar dugu gure hizkuntzak etorkizuna izan dezan. Horretarako, eragile guztien arteko eztabaida irekia behar dugu, elkarri entzun eta batu. Eta ez da ezer metatzaileagoa Euskal Herrian Korrika baino”, esan dute.
Kezka horrekin abiatu dute ikus-entzunezkoa, eta baliabideak lortzeko dirua biltzeko kanpaina abiatu dute www.jalgihadi.eus webgunean, apirilaren 25era bitartean, Goteo plataforman. “Helburua euskararen iragana, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituen dokumentala diruz laguntzea izango da”, azaldu dute. Zehaztu dutenez, dokumentala AEKren eta Korrikaren “proiekturik anbiziotsuenetakoa” izango da, “Korrikaren izena atzerrian zabaltzekoa”.
Bihotza eta burua elkartuko dituzte proiektuan. Bihotza, denen gorputza dantzan jartzen duen Korrika barrutik ezagutzeko aukera eskainiko duelako: “Korrika posible egiten duen taldea jarraitu eta bidean sortzen diren kezka eta arazoei elkarrekin aurre egingo diegu, Korrikaren emozioa lehen pertsonan bizitzeko”. Eta, burua, soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile, politiko eta beste hamaika euskaltzaleren topagune bihurtuko baitute filma. “Elkarrizketen bitartez, euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egingo dugu”, gehitu dute.
Euskaldun izatea erabaki kontziente bat delako abiatu dute proiektua, Onintza Enbeitak esan legez, euskara ez delako gofretan gordetzen den altxorra, euskara delako euskaldunen hizkuntza, komunikatzeko erabili beharko litzatekeena. Esfortzu bat eskatzen duela badakite, baina trukean asko ematen duela diote: “Gure hizkuntza ataka batean dagoela sentitzen dugu. Berriz. Ez da aurrena eta ez da azkena izango. Baina egun dagoen zarataren aurrean, bidea aurkitzea ez da erraza izango”. Asko dira mahaigainean dauden gaiak: oldarraldi judiziala, erabileraren jaitsiera, batua ala euskalkia, migrazioaren afera, arnasguneak, sare sozialak, adimen artifiziala, euskalgintza ekosistema… Eta horiei guztiei buruz denen artean eztabaidatu eta hirugarren berpizkunde bat eragin nahi dute dokumentalagaz.
Bereziki euskal komunitateari zuzenduta dagoen ekoizpean da dokumentala, ez bakarrik euskal hiztunei, euskara maite duten guztiei baizik: “Euskara bizi(rik) ikustea nahi duen orori zuzendutako ikus-entzunezkoa da”.
AEK-k argi du hamarkada honetan egiten denak edo egiten ez denak euskararen etorkizuna “markatuko” duela. Hausnartzeko eta eragiteko garaia da, eta dokumentala Korrika mundu zabalean ezagutarazteko ez ezik, eragiteko tresna izatea nahi dute. “Ikus-entzunezko honen bitartez, berpizkunde berria hauspotu nahi dugu eta erdigunean jarri AEKrentzat gakoak direnak: ezagutzaren unibertsalizazioa, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzea, garatzea eta elkarlotzea; hizkuntza politikaren norabidetzea; eta helduen euskalduntzearen estrategikotasuna lehen lerrora ekartzea”, diote, izan ere, uste dute horrela lortuko dutela euren helburu nagusia: Euskal Herriko biztanle guztiak euskaraz eroso bizitzea. Hala, dokumentalak euskaltzaleen elkargunea izan nahi du, etorkizunerako ufada bihurtuz.