'Mareak', hitzez eta musikaz
‘Mareak’ liburuan oinarritutako lana eskainiko dute bihar [martxoak 21], 20:30ean, Ikusgarrin. Lekeitioko eta inguruko emakumeen bizipenak ditu oinarri.
Lekeitio 700 egitasmoaren barnean, Mareak ikuskizunak Lekeitio eta inguruko kostaldeko emakumeen bizipenak ekarriko ditu gogora. Musika eta hitza uztartzen ditu, eta bihar [martxoak 21] eskainiko dute 20:30etik aurrera, Ikusgarri zinema aretoan. Sarrerak salgai daude, 3 eurotan, eta leihatiletan ere erosi ahalko dira.
Toti Martinez de Lezea idazlea eta Gorka Hermosa eta Edurne Zabalo musikariak dira egileak, eta Lekeitio eta inguruko emakumeen oroimena berreskuratzen dute protagonistek, “hain ezezagunak direnak eta, aldi berean, hain presente daudenak gure herriaren historian zehar”. Emazteak, amak, alargunak, ostalariak, esklaboak, kontrabandistak, enpresariak, sendalariak, batelariak, bortxatuak, abenturazaleak… “Horiek pertsonaia eta egoera oso desberdinak osatzen dituzte gure iraganerako eta gure orainerako bidaia honetan”.
35 istorio.
Ikuskizuneko testuak Martinez de Lezearen Mareak eleberrian oinarrituta daude: “Kostaldeko emakume euskaldunari buruzko saiakera bat egiteko eskatu zidaten, baina ez dago emakume horri buruzko ezer zehatzik idatzita. Izenik ere ez dago. Beraz, 35 herri aukeratu nituen, eta herri bakoitzeko emakume baten kontakizun bat idazteko ideia bururatu zitzaidan. 35 herri, 35 emakume, 35 istorio. Horixe da ikuskizunaren abiapuntua, eta oso pozik nago egindako lanarekin”.
Musikari dagokionez, Hermosak akordeoia jotzen du, eta Zabalok, klarinetea: “Ez da askotan jorratu den gai bat, baina kostaldeko emakumeek lan itzela egin dute eta asko sufritu dute, eta hori kontatuko dugu emanaldian”. Istorioetako asko “oso gogorrak” izan arren, azaldu dute emanaldiari ez zaiola falta umore ukiturik: “Toti eszenatokian egonda, alaitasuna ziurtatuta dago”.