Biren taldea nagusi, Abesti Feministen Lehiaketan
Abesti Feministen Lehiaketak Biren saritu zuen 'Pompeya' abestiagatik 30 urtetik beherako bakarlarien kategorian.

Abesti Feministen Lehiaketaren zazpigarren edizioan Biren ondarrutarrak 30 urtetik beherako bakarlarien kategorian abesti onenaren saria irabazi zuen, Pompeya abestiagatik, eta 600 euroko saria jaso zuen. Kategoria berean, Marga Pocoví eta Biel Tous artistentzat izan zen 30 urtetik gorakoentzako 500 euroko saria, Aquí estoy yo abestiarekin.
NAZ taldeak, aldiz, 30 urtetik beherako taldeen kategorian abesti onenaren saria irabazi zuen, Besterik Ez abestiagaz; horiek ere 600 euroko saria jaso zuten. Kategoria horretan, 30 urtetik gorakoen saria Loida taldearentzat izan zen, El club de las Flipadas abestiagaz.
Horrez gain, ikusleek abesti gustukoena aukeratzeko aukera ere izan zuten, eta, Publikoaren Saria (350 euro) Gregoria taldeak jaso zuen, Gizadi Erdi Zorigaiztoa abestiagaz. Bestalde, euskarazko abesti onenaren saria (350 euro) Troube Woman taldeak jaso zuen, Loreak abestiagatik.
Urtez urte antolatzen du musika ekitaldia Durangoko Udalak, eta musikaren bidez genero berdintasunaren alde egiten duen erreferente kultural gisa sendotzen jarraitzen du lehiaketak. “Aurten, lehiaketak hainbat artista eta talderen talentua aitortu du, euren konpromiso soziala euren konposizioen bidez transmititzen jakin dutelako”. Hala, irabazle guztiak zoriondu zituen, eta parte hartzaile guztien inplikazioa eskertu, horrek ematen diolako ekimenari duen “arrakasta”. Izan ere, musika mezu indartsu baten eramaile izateaz gain, gizartea eraldatzeko “tresna boteretsua” ere badela sinisten dute.
Gala guztia ikusgai dago Nahieran plataforman, Durangoko Udalak EiTBgaz itxitako akordioari esker.