Ikus-entzunezko edukiak sortzeko ZiNaizen lehiaketa antolatu du Naizen elkarteak
Ikus-entzunezko adierazpenaren bidez, adingabe transexualen esperientziei, bizipenei, erronkei eta garaipenei buruz gizartea sentsibilizatu gura dute lehenengoz antolatu duten lehiaketagaz. Hala, apirilaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak.
Trans adingabeen istorioak ezagutarazteko hiru minutura arteko ikus-entzunezko edukiak sortzeko ZiNaizen lehiaketa antolatu du Naizen elkarteak, Zinegoak Jaialdiagaz eta EiTBgaz batera. Ikus-entzunezko adierazpenaren bidez, adingabe transexualen esperientziei, bizipenei, erronkei eta garaipenei buruz gizartea sentsibilizatu gura dute lehenengoz antolatu duten lehiaketagaz. Gainera, adingabe transexualen oinarrizko eskubideak errespetatzearen eta babestearen garrantziaz ere kontzientziak piztu gura dituzte.
Hala, lehiaketan parte hartzeko deia zabaldu diete 18 urtetik gorakoei: “Transexualitateari buruzko istorio bat baduzu, hau zure espazioa da. Zinemaren bidez hausnarketa, elkarrizketa eta adierazpena uztartuko dituen espazio bat sortu nahi dugu, adingabe transexualekiko onarpena, errespetua eta sentsibilizazioa sustatuz”.
Lehiaketaren bitartez, gainera, ikus-entzunezko sortzaileen sormena eta talentua bultzatu gura dituzte, haur eta gazte transexualen problematikak eta aniztasuna modu sortzaile eta orginalean aztertzeko. Halaber, transexualen haurtzaroko eta gaztaroko esperientziak bildu gura dituzte bideoetan, baita zerbitzu edo baliabideetarako sarbidean dituzten oztopoak jaso ere, hala nola arreta medikoan, hezkuntzan zein kirolean. Adingabe transexualen sexu-identitatea legez aitortzeak duen garrantzia, eta adingabe transexualen benetako nortasuna islatzen duten legezko agiriak lortzeko dituzten oztopoak ere ikusarazi gura dituzte. Era berean, berdintasunaren eta justiziaren aldeko borroka horretan lanean diharduten ekimenei ere lekua eskaintzea bilatzen dute.
Parte hartzeko.
18 urtetik gorakoek aurkeztu beharreko lanek edozein genero eta formatu izan dezakete, baldintza bakarra da iraupena: ezin duela hiru minutu baino gehiago iraun. Gehienez hiru obra aurkez ditzake parte hartzaile bakoitzak, baldin eta originalak badira eta ez badira komertzialki estreinatu jaialdia egin aurretik.
Ikus-entzunezkoak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezke, apirilaren 13a baino lehen, Naizen elkartearen webgunean.
Gero, ikus-entzunezko profesionalek, Naizenen ordezkari batek eta Zinegoak jaialdiaren ordezkari batek osatuko dute epaimahaia, eta horiek aukeratuko dute ikus-entzunezko lan irabazlea. Hain zuzen ere, maiatzaren 5ean jakinaraziko dute zein lan izan diren hautatuak, eta Zinegoak 2025 jaialdiaren itxiera galan jakinaraziko dute zein den lan irabazlea, ekainaren 21ean izango da, 17:30ean, Bilboko BBK Aretoan. Hala, bideorik onenak 1.000 euroko saria jasoko du.