Irati Casais: "Nire burua hobeto ezagutzeko heldulekua izan da mendia"
2016an dastatu zuenetik, "autoezagutzarako" balio izan dio mendiak Irati Casais Eizagirreri (Ondarroa, 2000). 2022tik Ondarroako Aurrera Mendi Taldeko batzordekide da, eta herri txikietako mendi taldeak bultzatzearen "garrantziaz" jardun da. Egun, mendi lasterketetan aritzen da ondarrutarra.

2019an sartu zen trailen munduan Irati Casais Eizagirre ondarrutarra, eta iraganean bere buruari «gehiegi» exijitzen bazion ere, gaur egun, mendiaz eta inguruaz gozatzea du xede. Mendiak «askatasuna» ematen diola dio, eta pozik agertu da azken urteetan lortutakoaz.
Zerk eraman zintuen mendia eta horrek dakarren guztia ezagutzera?
2016an, 15 urte nituela, Udaleku Ibiltarietara joan nintzen, eta hamabost egun igaro genituen mendian, Ondarroatik Gasteizko Errekaleor auzorainoko ibilbidea osatzen. Gustuko nuen kirola aurkitzeko abiapuntua izan zen, eta hor hasi nintzen mendia gehiago ezagutzen. Pertsonalki, autoezagutzarako bidea ireki zidan, eta hurrengo urtean berriro errepikatu nuen esperientzia. Mendiagaz lehen kontaktua izan zen, eta hor hasi nintzen gaur egun daukadan lotura berezi hori sortzen. Aurrerago, alboan izan nuen pertsona baten ondorioz, Euskal Herriko eta Ondarroa inguruko mendiak ezagutzen hasi nintzen, eta 2019an, lehenengo lasterketa egin nuen: Tontorramendiko Igoera Bertikala. Urte horretan, trail munduan murgildu nintzen.
Gaur egun, zenbat kilometroko lasterketak egiten dituzu?
Denetarik probatu izan dut, baina egin dudan lasterketarik luzeena 27 kilometrokoa izan da, eta ez dut kilometro kopuru hori gainditu. Hala ere, etorkizuneko asmoa bada maratoiren bat egitea. Baina oraindik, 20 kilometroko lasterketetan zentratzea dagokidala uste dut, eta etorkizunean, agian, emango ditut beste pauso batzuk.
Etorkizunera begira, ba al dago egin nahiko zenukeen lasterketarik?
Aspaldian buruan bueltaka dabilkidan ideia da triatloi bat egitearena. Baina ez dakit noiz, ezta non ere. Hori bai, lehenengo igerian ikasi behar dut. Kar-kar-kar.
Lasterketak egiteko orduan edo entrenamenduak zehaztean zure buruarekin exijentea zarela esango zenuke?
Gaur egun ez diot hainbeste exijitzen nire buruari. Lasterketak eta entrenamenduak gozamenetik bizi ditut; finean, lagun artean momentu onak pasatzetik. Duela urte batzuk gehiago eskatzen nion neure buruari, egunero entrenatzen nuen, ahalik eta modu gogorrenean. Eta uste dut ez zidala onik egin. Niretzat garrantzitsuak ziren gauza asko utzi nituen albo batera. Beraz, esango nuke exijentzietatik apur bat urrundu eta bizitzagaz gehiago gozatzen ikasi dudala.
Azken urteetako lorpenei dagokienez, zein aipatuko zenuke?
Lasterketa herrikoietan aurreko postuetan ibili arren, ez nuke esango lorpen handirik egin dudanik. Hala ere, nire lorpenik handiena edo emozio eta ilusio gehien sortzen didana Tontoramendiko Igoera Bertikalean bigarren postua lortzea izan zen. Beste norbaiti ez dio ezer suposatuko, baina niri, asko, eta nire herriko lasterketa herrikoia izanda, are gehiago.
Tolosako Alpino Uzturre mendi taldean ere egon zara. Nola jaso zenuen proposamena?
Duela bi urte jaso nuen Tolosako Alpino Uzturre taldera sartzeko proposamena. Traileko talde berri bat sortzeko proiektua zeukaten esku artean, eta jende berria ezagutzeko ideia ona iruditu zitzaidan. Izan ere, momentu askotan oso bakarrik sentitu izan naiz, ze inguruan badaude mendian dabiltzan emakumeak, baina ez da saretuta dagoen espazioa, beno, orain arte ez behintzat. Beraz, baiezkoa eman eta bertara joan nintzen. Hala ere, maila pertsonalean ez nuen urte ona eduki, eta uste dut ez nuela aprobetxatu aurrean izan nuen aukera. Hortik, Aurrera Mendi Taldera egin nuen buelta, eta bertan aurkitu dut babesa; nire ingurua dela argi daukat. Beraiekin hasi naiz mendian, eta bertan jarraituko dut aurrerantzean.
Irati Casais: “Lasterketak eta entrenamenduak gozamenetik bizi ditut; finean, lagun artean momentu onak pasatzetik”.
Aurrera Mendi Taldeko batzordean ere bazaude, 2022tik.
Aurretiaz zeudenak urte asko zeramaten mendi taldea aurrera eramaten, eta testigua hartzeko ordua heldu zitzaigun. Gure helburua mendi taldea herritartzea izan da; herriari ateak zabaldu, eta herritarrek taldea gehiago ezagutzea. Uste dut, bide horretatik, gutxika, jarritako helburua lortzen gabiltzala. Gazteok testigurik ez badugu hartzen, gutxika herriko mendi taldeak desagertzen joango dira. Oso polita da herrian mendi talde bat edukitzea, eta oraindik politagoa ekintza desberdinak antolatzea. Baina horretarako lana egin behar da, eta bide horretatik ekingo diogu, nola ez.
Herri txikietako mendi taldeak desagertzen joango direla diozu. Zergatik?
Mendi taldeekin, eta orokorrean, trail munduagaz gertatzen dena zera da, indarra edo boterea daukaten taldeek inguruko herri txikietako gazteei beraien taldearen parte izateko proposamena luzatzen dietela, eta ondorioz, herri txikietako mendi taldeak ahultzen doazela. Bide horretatik jarraitzen badugu, herrietako mendi taldeak desagertu egingo dira. Beraz, herrietako taldeetan egoteko apustua egin behar dela uste dut. Gainera, aipatu nahiko nuke, besteak beste, Busturialdean eta Lea-Artibain sortutako Igoera Herrikoien Liga. Mendizaleak horrelako lasterketetan parte hartzera animatu nahi ditut, herrientzat ekimen oso politak direlako, eta beste lasterketa batzuekin alderatuz, ez daukatelako izen handirik.
Aurrera Mendi Taldetik bazabiltzate proiektu desberdinak sortzen, taldea herritarrei zabaltzeko helburuagaz. Esaterako, adibide garbia da abiarazi berri duzuen Emakumik Basatzan proiektua.
Emakumik Basatzan proiektuaren ideia Ainara Arrizabalagak eta nik izan genuen, Alpino Uzturrera joan ginenean. Traileko taldea sortu zuten, eta horrelako zerbait herrian egitea positiboa iruditu zitzaigun. Hortik tiraka sortu zen Emakumik Basatzan proiektua. Hilabete batzuetara, mendi taldean komentatu genuen eta martxan jarri ginen. Hasierako ideia mendian korrika egiteko taldea sortzea bazen ere, herriko egitasmo bezala loratu zen azkenik Emakumik Basatzan.
Irati Casais: “Nire lorpenik handiena edo emozio eta ilusio gehien sortzen didana Tontoramendiko Igoera Bertikalean bigarren postua lortzea izan zen”.
Zelako harrera izan du?
Harrera oso ona izan du, eta Aurrera Mendi Taldetik balorazio oso positiboa egiten dugu. Egia da proiektua handi gelditu zaigula, ez baikenekien nolako dimentsioa hartuko zuen. Beraz, jasotako iritziak kontuan hartuta, hasierako ideia hobetzen saiatu gara. Aipatu beharra daukat Eneritz Basurko eta Ainara Arrizabalaga beti egon direla prest laguntzeko, eta eskertzekoa eta ongi etorria da jasotako laguntza, beti.
Zer eman dizu mendiak?
Mendiak askatasun handia emateaz gain, nire burua hobeto ezagutzeko bidea zabaldu dit, helduleku bat izan da. Duela hamar urte puntu honetara helduko nintzela esan izan balidate, ez nuen sinetsiko. Denbora gutxian gauza asko lortu dezake pertsona batek.
Zer esango zenioke mendian hasi berri den norbaiti?
Gustatzen baldin bazaio, aurrera egiteko. Ez dezala inongo lotsarik edota presiorik izan lasterketetarako. Mundu oso zabala eta polita izan daiteke, eta, beraz, apurka-apurka aurrera egiteko esango nioke.