Zinemagintza pasio
Euskara eta feminismoa ardatz hartuta, 11barrik andrazko esanguratsuen biografiak jasotzen dihardu, horiek hainbat diziplinatan gizarteari egiten ari diren ekarpenari ikusgarritasuna emateko helburuz. Ikus sarrera guztiak 11barriren webguneko 'Testuen bankua' atalean.

Naia Arantzamendi Larrañaga (Ondarroa, 1994) gidoilaria eta zinemagilea da. EHU Ikus-entzunezko komunikazio gradua egin zuen, umetatik zetorkion zaletasunari bide emanda. «Betidanik izan dut gustuko filmak ikustea. Familiatik ikasitako zerbait dela esango nuke. Unibertsitatean kazetaritza ikasketetan ikus-entzunezko graduko irakasgai batzuk genituen, eta une horretan konturatu nintzen nire gustuko alorra zein zen; zinema pasio nuela deskubritu nuen», adierazi du.
Ondarrutarrak dio orduantxe finkatu zela bere ibilbidea, eta norabide horrekin harremanetan zeuden ikasketak egin zituen jarraian: Erasmus+ programa Milango Sacro Cuore Unibertsitatean; Zinema, telebista eta antzerkigintzako gidoigintza masterra, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan; Produkzio masterra, San Jorge Unibertsitatean; eta ECAM, zuzendaritza ikastaroa.
Hainbat proiektu gauzatu ditu: 13ko Donostiako sarraskiari buruzko Sutan film laburraren gidoilari eta zuzendaria da (Zineako I. Film laburren gidoi lehiaketa irabazi zuen lan horregatik), baita Koaxi 1978 arrantza sektoreari buruzko film luzearen gidoilaria ere. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren gidoi sorkuntza beka lortu, eta Basque Audiovisual Talentuaren Guneko pitch saria irabazi zuen. Elkarrekin Sortzen ekimenean parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzaren eleberri laburren sorkuntzarako laguntzarekin, eta Cannes Dcreenplay Contest 2019ko finalista izan zen, The strait proiektuarekin.
Gaur egun, Etxe Betearen Gela bat norberarena egoitza artistikoa ari da garatzen bere lana; 1978ko euskal kostaldeko herri txiki arrantzale batean kokatutako Koaxi film luzea idazten ari da. Bilboko Etxe Betea egoitza euskal emakume zinemagileen kabia bilakatzeko asmoz sortutako proiektua da, eta artista ezberdinak saretzea du helburu.
Euskaraz lan egiten du Arantzamendik. «Euskaraz bizi naizen aldetik, nire proiektuak euskaraz sortu, errotu eta garatzen ditut», adierazi du. Euskararen eta emakumeen presentziaz hausnartu du: «Euskarazko proiektuak behar dira, eta emakumeek sortutako euskarazko proiektuak behar dira. Euskarazko ikus-entzunezkoen ehunekoa oso baxua da, eta are gehiago emakumeek gidatutako proiektuen kasuan».
Nahiz eta euskarazko ikus-entzunezkoek azken urteetan «bultzada handia» eduki, irakurketa kritikoa egin du: «Datuak eskuan izanda, gizonezkoek zuzendutako proiektuak izan dira. Sektore barruan emakume zinemagileen proiektuak isolatuak dira, eta hori aldatu egin behar da. Aukerak behar ditugu, ikus-entzunezko sektore anitzagoa behar da, emakumeen proiektuek ere lekua dutena. Sortzaileak egon badaude, baina ekoizpenak behar dira».
Egoerak ez du kikiltzen, ordea. «Zailtasunak zailtasun, euskal kultura loratzeko erein egin behar dugu, eta horretan gabiltza. Horretarako emakumeen saretzeak duen garrantzia azpimarratuko nuke. Hainbat ekimen aurrera eramaten dira espazioak sortu eta elkarlaguntza sustatzeko, proiektuak elkarbanatu, babestu eta aurrera ateratzeko aukerak sortzeko helburua dutenak».
Bere ekarpen propioaz galdetuta, hauxe dio: «Nire errealitatetik idazten eta sortzen dut, hortaz, nire ekarpena munduarekiko dudan ikuspegia izango litzateke, ez gehiago ezta gutxiago ere; emakume bezala dudana eta euskaldun bezala dudana».