Emilio Reinosok irabazi du 34. Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkoa
Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak atzo [martxoak 28] azken orduan ibilbidean egin beharreko aldaketak tropelaren ideiak moldatu ditu.

Berriatuko 44. San Gregorio Sariko hotzaren eta euriaren ostean, Euskaldun Torneoko txirrindulariak Lea-Artibaira itzultzeko zalantzati egongo ziren. Gaurko [martxoak 29] 34. Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezko lasterketan, berriz, eguzkia nagusitu ez bada ere, behintzat ez du euri eta hotz askorik egin duela bi astekoagaz alderatuta.
Hori bai, Markina-Xemeingo Txirrindulari Elkarteak atzo [martxoak 28] azken orduan ibilbidean egin beharreko aldaketak tropelaren ideiak moldatu ditu. Gontzagaraiganeko igoera barik, tradizionalki erabakigarria izaten dena, bestelako estrategiak gailendu dira. Lekoitzganeko igoera urrunegi zegoen eta Milioi agian ez zuen behar besteko gogortasuna lasterketa apurtzeko.
Gainera, goizean goiz lehen orduetan euria egin badu ere, eguraldiak txirrindulariak errespetatu ditu gainontzeko orduetan. Hori bai, hodeiak mehatxari egon dira ibilbide guztian zehar eta errepidea gehien bat bustita. Horregatik, eroriko asko izan dira tropelean. Azken igoera helmugatik hain urrun egonda, lasterketa apurtzea zaila izan da ihesaldiak osatzeko saiakerak egon badira ere. Multzo handia heldu da helmugara eta azkarrena Victory Endurance-Spiuk etxeko Emilio Reinoso izan da. Bigarren Euskadi Fundazioko Jorge Xurde eta hirugarren Caja Rural etxeko Pablo Lospitao.
Euskaldun Torneoko sailkapen nagusiari dagokionez, Euskadi Fundazioko Aimar Galdos mantentzen da lider 49 puntugaz, bigarren Caja Ruraleko Diego Ruiz de Arkaute dago 28 puntugaz eta hirugarren Eisser-Hirumet taldeko Eder Moreno 27 puntugaz.
Emilio Reinoso: “Azken kilometroetan, ondo asmatu dut zeini erantzun eta zeini ez, eta azkenean une egokia aukeratu dut nire kartak mahaigaineratzeko”
Podiumera igo orduko, garaileak nabarmendu zuen Markina-Xemeingo herrigunera sartu orduko erasoa jotzea izan zela garaipena lortzeko giltza: “Metro gutxi batzuk hartuz gero, banekien ni harrapatzeko gogotik sufritu beharko zutela”. Lasterketaren azken txanpan gertatutako erorikoez ere mintzatu zen Reinoso: “Lekoitzen behera, arrisku handiak hartu ditut eta, hain zuzen, hainbat txirrindulari lurrean ere ikusi ditut. Edozelan ere, nork bere burua garaipena lortzeko moduan ikusten duenean, horrela arriskatzeak zentzu guztia hartzen du: arriskatu barik ez dago jakiterik”.
Irabazleak azaldu zuenez, azken kilometroek asko eduki zuten urduritasunetik: “Aulesti pasata, taldean geldiunea egon da, eta horrek hainbat ziklistari aurrera heltzea ahalbidetu die; kide horiek, jarraian, erasora jo dute. Nik ondo asmatu dut zeini erantzun eta zeini ez, eta azkenean une egokia aukeratu dut nire kartak mahaigaineratzeko. Pozarren nago lorpenagaz, eta gehiago lortzeko gosez”.