Uemak errenta aitorpena euskeraz egiteko deia zabaldu du
Mendexa (%27), Amoroto (%25), Aulesti (%22), Ispaster (%20) eta Berriatuan (%17) egiten dute gehien euskeraz Bizkaian. Baina Mutrikun %38.
Herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatu nahian, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko dute apirilaren 1etik aurrera UEMAk eta hainbat erakunde publikok, elkarlanean. Bizkaian apirilaren 10ean hasiko da errenta aitorpena egiteko epea eta mutrikuarrentzat Gipuzkoan bi egun lehenago, apirilaren 8an.
“Errenta euskaraz egiten duen herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi dute aurten ere Uemak eta udalek, herritarrei administrazioarekin ere euskaraz aritzeko deia eginez”, adierazi dute.
Uemak, ohi bezala, udalekin eta hainbat erakunde publikogaz elkarlanean bideratzen du errenta euskaraz egiteko kanpaina, eta foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak moldatzen du bere beharren arabera. “Mezu orokorra berbera da kasu guztietan, baina foru ogasun, eskualde edo udal elkarte bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoaren arabera moldatzen du kanpaina eta mezua. Baita udal bakoitzak ere, dagozkion datuekin eta bilakaerarekin”, azaldu dute. Horiek azaltzeko, besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz lelodun kartel orokorra eta azalpen kartela jarri ditu eskura Uemak, nork bere arabera moldatzeko aukerarekin.
Bizkaian errenta aitorpena gehien egiten duten bost herriak Lea-Artibaikoak dira
Internet bidez egiteko, horra gomendioa: errenta programaren euskarazko bertsioa jaistea Internetetik, eta “hobetsitako” hizkuntza atalean euskaraz hautatzea. Aitorpena aholkularitzetan eta finantza erakundeetan egiten dutenei ere esan diete propio adierazteko horietan euskarazko hautua egin dutela.
Desberdintasunak
Egoera soziolinguistikoa, ordea, ez da herritarren joera erakusten duen aldagai bakarra. Batzuetan alde handia dago euskaldun indizearen eta errenta euskaraz egiten dutenen artean. “Dena dela, udalerririk euskaldunenetan egiten dira aitorpen gehien euskaraz, zenbakiak eta ehunekoak oso aldakorrak diren arren lurralde batetik bestera”.
Bizkaian errenta aitorpena gehien egiten duten bost herriak Lea-Artibaikoak dira: Mendexa (%27), Amoroto (%25), Aulesti (%22), Ispaster (%20) eta Berriatua (%17). Mutrikun, eta orokorrean Gipuzkoan portzentaiak nabarmen altuagoak dira, mutrikuarren %38 egiten du euskaraz.
Ikusi herriz herriko iazko 2023ko errenta aitorpeneko datuak, euskeraz egindakoen portzentaiak:
- Amoroto: %25,5
- Aulesti: %22,6
- Berriatua: %17,3
- Etxebarria: %11,3
- Gizaburuaga: %16,3
- Ispaster: %20,3
- Lekeitio: %16,8
- Markina-Xemein: %11,2
- Mendexa: %27,8
- Munitibar: %11,7
- Mutriku: %38
- Ondarroa: %16
- Ziortza-Bolibar: %9,6