Donejakue bideko aterpetxean gaua igaro duten bisitarien kopurua %7,4 igo da
Martitzenean [apirilak1] zabaldu zuten Markina-Xemeingo Donejakue bideko aterpetxea, eta hala egongo da urriaren amaierara bitartean. Iaz 7.165 pertsona hartu zituen.

Markina-Xemeingo Donejakue bideko aterpetxea atzo [apirilak 1] zabaldu zuten, eta, iazko legez, aurten ere urriaren amaierara bitartean egongo da zabalik.
Aterpetxea zabaldu berritan, iazko bisitarien datuak eskaini ditu Bizkaiko Donejakue Bidearen borondatezko zaintzaileen elkarteak. Hala, iaz Donejakue bideko aterpetxean gaua igaro zuten bisitarien kopurua %7,4 igo zen 2023ko datuekin alderatuta. Izan ere, 7.165 pertsonak egin zuten lo bertan, eta 2023an 6.669 izan ziren gaua pasatzen geratu zirenak. Eta, bisitarien artean, gehiago izan ziren gizonezkoak emakumezkoak baino: 3.925 gizon zenbatu zituzten, eta 3.240 emakumezko.
“Horrenbestez, goranzko joera nabari daiteke, eta pandemia aurreko datuak berreskuratzeko bidean daude, ze, 2019an, 7.550 bisitari geratu ziren bertan lo egiten”, azaldu dute elkartekoek.
Hilabeteei erreparatuta, abuztua izan zen jendetsuena aterpetxean, 1.347 pertsona hurreratu baitziren bertara, eta, ostean, maiatza. Hilabete horretan 1.245 izan ziren zenbatutako bisitariak, uztailean baino 38 gehiago (1.207). Irailak ere jende asko bildu zuen, 1.149 pertsona, eta ekainean ere 902 bisitari bertaratu ziren. Apirilean, aldiz, 717 izan ziren zenbatutakoak, eta 434, aldiz, urrian.
Zehaztu dutenez, adin tarte guztietako bisitariei erreparatuta eman da igoera, eta, jatorriari erreparatuz gero, nabarmentzekoa da Euskal Herriko bisitari kopuruaren gorakada: 117 pertsonatik 182ra igo zen kopurua iaz. Era berean, frantziar gehiago ere bertaratu ziren iaz: 1.066 pertsona zehatz esateko, 2023ko 924en aldean. Alemaniatik, berriz, 912 pertsona hurreratu ziren, eta Italiatik, 465. Asko izan ziren, baita ere, Kataluniakoak, 579 bisitari zehatz esateko, eta Madrildik 301 bertaratu ziren. Valentziarik, aldiz, 253 izan ziren aterpetxera etorritakoak.