Bigarren aldiz antolatu dute ‘Hil arte Bizi’ egitasmoa Markina-Xemeinen
2023an lehen aldiz egin ostean, eguaztenean [apirilak 9] bigarreneko aurkezpen hitzaldia egingo dute.
Nere Erkiagak zuzendutako ‘Hil Arte Bizi’ egitasmoak Lea-Artibaiko herri asko eta asko zeharkatu ditu, arrakasta handia izan du horietako askotan. Hainbestekoa, Markina-Xemeinen errepikatu nahi izan dutela eta guzti. 2023an antolatu zuten lehendabizi, eta orain, tailerren bigarren zikloa aurkeztuko dute udalaren eskutik. Horretarako, Erkiagak berak hitzaldia eskainiko du aurkezpen modura eguaztenean [apirilak 9], 18:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
Hain zuzen ere, hurrengo egunean [apirilak 10] hasiko da izena emateko epea, hilaren 24ra arte luzatuko dena. Zortzi tailer izango dira guztira apiriletik ekainera bitartean: apirilaren 29an, maiatzaren 6an, 13an, 20an eta 27an eta ekainaren 3an, 10ean eta 17an. Izen ematea udaletxeko Berton bulegoan egin daiteke, 30 euroren truke. Antolatzaileek gogoratu dute talde kopurua mugatua dela eta duela bi urte toki guztiak agortu zirela. Edozein zalantzetarako 644 12 60 91 telefonoa jarri dute eskuragarri.
Zortzi tailerretan izena ematen duetenek asko ikasiko dutela aurreratu dute: “Heriotzaren aurrean ditugun eskubideak eta erabakiak argitzeko tailerrak dira. Heriotzari beldurra txikitu eta bizitza zabaltzeko ahalegina da. Elkarrekin asko ikasiko dugu eta atsegina izango da”. Hala ere, argitu dute ez dela doluan daudenentzat egokia.