Itzuliak hainbat aldaketa eragingo ditu eskualdeko herrietako zirkulazioan
Eguenean [apirilak 10] 17:17etarako dago aurreikusita irabazlea Markina-Xemeingo Zelaiko helmugara heltzea.
Euskal Herriko Itzuliako laugarren etapa [apirilak 10] Markina-Xemeinen amaituko da. Munduko txirrindulari onenen ailegaera izateak baina, aldaketak eragingo ditu herriko zirkulazioan. Hain zuzen ere, tropelak Lea-Artibai eta Mutrikuko errepideak zeharkatuko ditu eguenean [apirilak 10] eta apur bat ere zapatuan [apirilak 12].
Markina-Xemeingo helmugari dagokionez, hainbat aldaketaren berri eman du udalak. Zirkulazioan, Eguenean [apirilak 10], 10:00etatik 11:30era, zirkulazioa moztuko da Abesua kalean, helmugako montajerako. Tarte horretan, ibilgailu astunek ezingo dute Markina-Xemeinera sartu (Etxebarriatik datozenak Agustin Deunatik bideratuko dira). Gainontzeko ibilgailuentzat trafikoa desbideratu egingo da Zelai inguruan, Toldope eta Iruzubi aurretik. Egoera hori errepikatu egingo da arratsaldeko desmontajean, hiru orduz, lasterketa amaitzen denetik). Horrez gain, Zelaibarri eta Aldaola oinezkoen eremua izango dira eguenean, goizeko lehen ordutik. Frai Bartolome kaleko garajeen parean errepidea moztuko da 08:00etan. Xemein etorbidetik Abesua kalera arteko errepidea itxi egingo da eguaztenean [apirilak 9] 21:00etan. Bikale pareko errepidean kontrako norantza ezarriko da. Abesua-Artibai-Ostekokalea ibilbidea egingo dute lasterketako ibilgailuek, Zelaibarrin eta Aldaolan kokatuko den taldeen aparkalekura heltzeko. Goikoportalean zamaketa lanetarako sarrera-irteerak baimenduko dira Karmengo kaletik. Bizkaibusen sarrera-irteerak ohi moduan egingo dira.
IKUSI ETAPAREN INFORMAZIO GUZTIA
Aparkalekuei dagokionez, ondorengo aparkalekuak lasterketako parte-hartzaileentzat gorde dituzte. Beraz, hustu egin beharko dira eguazteneko 17:00etarako: Zelaibarri, Aldapeko, Abesua, Iderraga (Kiroldegi ondoko aparkalekua) eta Frai Bartolome (Kintal taberna pareko aldapako aparkalekua). Herriko beste ohiko aparkalekuak erabilgarri egongo dira. Gainera, aparkatzeko gune hauek egokituko dituzte: Xemeingo eliza aurrealdea, Musika Eskola (Arretxinaga), Gorabide (aurreko berdegunea) eta Barroeta futbol zelaia.
Azkenik, Ostekokalera sarrera edo irteera duten garajeetako erabiltzaileek lasterketaren amaiera orduan ezingo dute ibilgailurik atera eta sartu, bai ordea Bikaleko aldera. Zapatuan [apirilak 12] ere Itzulia Etxebarritik eta Markina-Xemeindik igaroko da, birritan: 15:05 eta 16:40 inguruan. Markina-Xemeingo Udaletik esan dute informazio guztia jasotzen duten oharrak jarriko dituztela eragin gehien izango duten eremuetako portaletan. Hala ere, aurreikusi ezineko gertaeren aurrean, unean emandako jarraibideei kasu egitea eskatzen dute.
Ondarroako Udalaren kasuan, jakinarazi dute saihesbideko auto guztiak kendu beharko direla eguenean [apirilak 10], 08:00etarako, ezker zein eskuin, Zubi Barrirarte. Era berean, ibilgailuak kendu behar direla aprobetxatuko dute bidezidorrak garbitzeko.
Hurrengoko orduetan pasako da Itzulia Lea-Artibaiko herrietatik (aurreikuspen onenen araberakoa da, atzerapen apur bat egon daiteke):
- Munitibar: 15:16
- Ziortza-Bolibar: 15:25
- Aulesti: 15:43
- Gizaburuaga: 15:50
- Berriatua: 16:09
- Ondarroa: 16:17
- Mutriku: 16:23
- Etxebarria: 17:14
- Markina-Xemein 17:17