Lekeitioko Andra Martxian parte hartzeko azken deia egin dute
Orain arte 50 emakume inguruk eman dute izena zapatuko [apirilak 12] ibilaldirako.
Lekittoko Mugimendu Feministiak laugarren aldiz antolatu du Andra Martxia. Zapatuan [apirilak 12] egingo dute, 09:00etan aterako dira Andraetxetik eta Talaiara joan ostean, Oletatik, herrigunera itzuliko dira. Antolatzaileen arabera, hiru orduko ibilaldia izango da guztira. Gainera, parte hartzaile bakoitzak galtzerdiak jasoko ditu opari modura, Lekeitiko Mugimendu Feministian irudiagaz.
Orain arte 50 emakumek eman dute izena, baina beste asko izatea nahi dute. Iaz, esate baterako, 100 emakume elkartu ziren. Horregatik, izena emateko oraindik zabalik dagoela gogoratu dute eta parte hartzea zabaltzeko, esan dute “edozertan laguntzeko prest” daudela. Parte hartzeko 8 euro ordaindu behar dira eta izena eman behar da sare sozialen bidez zabaldu duten galdetegian. Zalantzak edo informazio gehiago behar izanez gero, lekittokomugimendufeministia@gmail.com helbidea ipini dute herritarren eskura.
Hori bai, azkenaldiko mendi martxetatik “urrun” dagoen ibilaldia izango dela esan dute. Hain zuzen ere, parte hartzaile bakoitzak “bere erritmoa” eramateko eskatuko dute. Ibilbidean bost elkargune puntu jarriko dituzte bata besteei itxaroteko eta batez ere herrigunera arteko azken zatia elkarrekin egiteko. “Helburua Andra Martxia emakumeen elkargunea izatea besterik ez da, emakumeak batu, hitz egin eta denbora bat batera pasatzea irteeratxo bat egiten dugun bitartean”, esan dute. Ostean, ohi bezala, mokadutxoa jarriko dute.