Bosgarren urtea beteko du Lea-Artibai Txallengeak
Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteek elkarlanean antolatutako emakumezkoen lasterketa apirilaren 25etik 27ra lehiatuko dute.

Urteurrenak beti dira bereziak. Horrelakoetan, handikeriak nagusitu ohi dira, hau da, urte asko eta asko betetzen dituzten ekintzak. Baina horiek, eta denek, hasiera bat izan dute eta lehen urtemuga horiek ere bereziak izaten dira. Aurten, adibidez, Lea-Artibai Txallengeak bost urte betetzen ditu. Eskualdeko lasterketa da, Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Lekeitioko txirrindulari elkarteek elkarlanean antolatzen dutena. Apirilaren 25etik 27ra lehiatuko dute Lea-Artibaiko errepideetan.
Berriatuak zein Markina-Xemeinek gizonezkoen Euskaldun Torneorako puntuagarriak diren San Gregorio Saria eta Sabin Foruria Haitzasko Oroimenezkoa antolatu dituzte aurten beste urte batez. Baina emakumeen txirrindularitzarekiko apustua ere mantentzen dute, batez ere gazteenekiko, kadete, junior eta open kategorietako txirrindulariek parte hartuko baitute. Bete-beteko azken hilabetea bizi izan dute Euskal Herriko Itzuliako Markina-Xemeingo laugarren etaparen amaieragaz bebai.
Lea-Artibai Txallengeari dagokionez, txirrindulari elkarteek ez dute aldaketa handirik sartu ibilbidean. Ohi bezala, duela bi urte Lekeitioko txirrindulari elkartea antolakuntzan sartu zenetik, erlojupeko labur batekin emango diote hasiera hiru eguneko itzuliari. Apirilaren 25ean, barikua, 3,85 kilometroko ibilbide laburra baina teknikoa osatu beharko dute partaideek. 17:00etan aterako dira kadeteak eta 18:00etan junior eta open mailakoak.
Apirilaren 26an, zapatua, Markina-Xemein Sariaren txanda izango da. 09:30ean helduko zaie gazteenei txanda eta beste 42 kilometro egin beharko dituzte, Miloi eta Gontzogaraigane igoko dituzte. Nagusiek, ordea, Markina-Xemein, Berriatua, Aulesti, Munitibar eta Ziortza-Bolibarko ibilbideari bi itzuli eman beharko dizkiote, hau da, guztira 82,2 kilometro. Gontzogarigane lasterketa batean agertzen den beti bezala, azken igoera horrek adieraziko du nor den errepidean indartsuena.
Apirilaren 27an, domeka, kostaldera joko dute VIII. Berritxu Sariagaz. Iazko ibilbidea errepikatuko dute, hau da, 42,5 kilometro gazteentzat eta 70 kilometro besteentzat. Lekeitio eta Ondarroa igaroko du tropelak, beste behin ere Miloitik igarota, baina Berriatuko lasterketetan klasikoa bilakatu den Asterrikako igoerak erabakiko du lasterketa, eta batek daki Lea-Artibai Txallengea ere bai.
Hainbat mailot banatuko dituzte antolatzaileek: berdea kadeteko irabazleentzat, zuria junior mailako irabazlearentzat, morea openeko garailearentzat eta gainera mendiko saria kolore urdinagaz, tarteko helmugakoak gorriagaz eta bizkaitarrik onenak ere bere mailota jasoko du, laranja kolorekoa. Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteek beste urte batez babesle eta laguntzaile guztien laguntza eskertu dute Lea-Artibai Txallengea aurrera eraman ahal izateko.
Euskaldun Torneko laugarren, bosgarren eta seigarren proba puntuagarriak izango dira Lea-Artibaiko lasterketakoak. Hilabeteko geldialdiaren ostean helduko dira txirrindulariak. Kadeteetan, Maialen Narbona Bilbao dago lider 26 puntugaz, juniorretan Irati Aranguren Carbayeda eta open mailan Maite Urteaga Sorazu.