Mendexako frontoiak pilota jaialdi handia hartuko du apirilaren 27an
Binakako Txapelketako finaleko lau protagonistetako hiruk jokatuko dute.

Mendexako Udalak, Emakume Master Cup enpresagaz batera, pilota jaialdi bikaina antolatu du apirilaren 27rako. Lehen partida 12:00etan hasiko da herriko frontoian. Bertan izango dira emakumezkoen pilotaririk onentsuenetakoak.
Lehen partidan, Onintza Galdos eta Naia Zelaiak Eider Perez eta Naia Uriarteren aurka neurtuko dituzte indarrak. Bigarren norgehiagokan elkarren aurka jokatuko dute azken urteetako bi pilotari erreferente nagusiak: Olatz Arrizabalaga eta Amaia Aldai. Gernika-Lumotarrak Arrate Bergaragaz osatuko dute bikote, hau da, Binakako Txapelketan txapeldunorde geratu den bikotea Mendexan jokatuko du. Bestalde, Aldaik Enara Gaminde txapeldunagaz jokatuko du. Ikuskizuna ziurtatuta dago horrelako mailako pilotariekin.