Oihala zabaltzeko dena prest antzerkiaren haztegian
Eskaintza zabala bezain aberatsagaz dator, beste behin, ADEL. Hala, apirilaren 21etik 26ra bitartean, euskal sortzaileen pieza ezberdinez eta erakargarriz beteko dute Aulesti. Herritarrei eta ingurukoei bertaratzeko deia egin diete.

20 urte daramatza Artedrama Euskal Laborategiak haziak ereiten Aulestin, eta dagoeneko hasi dira loreak ateratzen. Ze, haziak landatu eta zainduz gero, loreak ateratzen direla erakutsiko du aurtengoan ADELek. Izan ere, laborategitik igarotako hiru aktorek, lorek, euren lanak erakutsiko dituzte XX. aldi honetan, bai Arene Onaindia aulestiarrak, bai Aitzol Iraolak, bai Mikele Urrozek. Hala ere, eskaintza zabala bezain aberatsa da ADELek apirilaren 21etik 26ra bitartean plazaratuko duena, eta herritarrei zein kanpokoei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Ereindako uzta horren herriko aleetako batek abiaraziko du aurtengo eszenaratzea: Onaindiak berak. Le noveau menú du chef lana erakutsiko du. Ander Lipus Artedramako kide eta ADELen antolatzaileak dio ederra dela laborategitik igarotako herritar batekin aurtengo topaketei hasiera ematea: “Aulestiarra da eta Aulestiko eskolan ikasle modura izan nuen. Gero, Aulestiko topaketetan ere ikasle bezala parte hartu izan du. Orain, kurtso amaierarako pieza labur bat prestatu du, eta prest agertu da herrian bertan landutako hori erakusteko. Bere obragaz hasiko dugu XX topaketa hau”. Astelehenean erakutsiko du obra Ondaindiak, kultur aretoan.
Berea, baina, ez da lehen eguneko obra bakarra izango. Laborategitik igarotako Iraolak ere Hustu lana plazaratuko du toki berean. Hori bakarrik ez, ADELek aste horretarako antolatzen dituen laborategietako irakasle ere izango da Iraola: “Dantzertin ikasi du eta kurtso amaierarako Hustu deitzen den pieza ondu zuen, eta oso emozionatuta esan zigun laborategi bat aurkeztu nahiko zukeela. Guk, bere ilusioa eta gogoa ikusita, gaztea izan arren, irakasle modura aritzeko aukera eskaini diogu. Beraz, aurtengo laborategietako ikasleek aukera izango dute Iraola irakasle modura ez ezik, aktore modura ere ikusteko”.
Hurrengo egunean, Artxibo biluzia obra eskainiko du Metrokoadroka kolektiboak. Joan Mari Torrealdai beka lortu zuten, eta idazlearen beraren bizipen batetik abiatuta erein duten obra erakutsiko dute. Hain zuzen ere, konferentzia performatiboa, dokumentu antzerkia eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da ikusgai egongo dena. “Iaz edo estreinatu zuten, eta uste genuen egokia zela Aulestira ekartzea jorratzen zuen gaiagatik”. Horretaz aparte, Metrokoadroka kolektibokoak ere irakasle modura egongo dira, euren ikuspuntu estetikoak ikasleekin partekatzen.

‘Miñan’ antzezlaneko pasarte batAinhoa Resano
Urroz eguaztenean igoko da oholtzara, Mendia izeneko bakarrizketa erakusketa. “Bakarrizketa bat ondu du, bideoekin lantzen duen bakarrizketa bat, eta hori erakutsiko du. Bera ere ikasle modura izan genuen laborategietan, eta aspalditik ezagutzen dugun aktorea da. Berari ere bere lekua eman gura izan diogu, eta proposamen oso interesgarri batekin datorrela uste dut”, esan du Lipusek.
Lau pieza horiek “oso desberdinak” dira, “oso erakargarriak”. Kultur etxean eskainiko dituzte, pieza txikiagoak direlako. Horiek dira, hain zuzen ere, Aulesti moduko haztegi baten erakusle direnak: “Gero eta gazte gehiagok bizi gura du antzerkitik, eta uste dut zentzu horretan Aulesti haztegi polita dela. Bertan, artistok elkar ezagutzeko leku bat, topagune bat daukagu. Batzuk zahartzen goaz, baina jende berria ere badator, eta hori oso pozgarria da”. Hain zuzen ere, jende berri horri lekua utzi behar zaiola uste dute Artedramakoek, eta belaunaldi eta ibilbide ezberdinetako artistak biltzea “ezinbestekoa” dela diote.
Ondorioz, obra horiez gain, aparteko bestelako hiru obra ere ikusgai egongo dira Aulestin: Tripak kolektiboaren Platea, Artedramaren Miñan eta Dejabú konpainiaren Itzulera. “Urtero saiatzen gara abaniko nahiko zabala eskaintzen publikoari”. Hiru emanaldi horiek handiagoak dira, eta frontoian izango dira, bost eurotan ikusi ahalkon direnak.
“Tripak kolektibokoa iaz ekarri nahi genituen, baina ezin izan genuen. Beraz, aurten tematu egin gara eurak gonbidatzera. Oso apurtzailea da euren planteamendua dakarte, oso performatiboa dena. Logikatik kanpo dagoen pieza bat erakutsiko dute, dramaturgia oso interesgarria daukana”, azaldu du Lipusek. Hala, bost emakume aktore ikusiko dituzte ikusleek oholtza gainean eguenean, euren hitz jarioak lantzen.
Zapatuan, Artedramaren Miñan lanak beteko du frontoia. Dagoeneko 95 emanaldi eskaini dituzte Euskal Herri osoan, urrian euren lana estreinatu ostean, eta ia 30.000 pertsonak ikusi dute. Hala ere, oraindik euren obra ikusteko jendea falta dela sinetsita, herritarrak zein kanpokoak deitu dituzte bertaratzera. “Arrakasta ederra ari da biltzen Euskal Herriko plaza ezberdinetan, eta espero dugu Aulestin Ibrahima Balderen istorioak plaza betetzea. Bere Garaian Amets Arzallusek idatzi zuen, eta guk egokitzapena egin dugu”, gogoratu du Lipusek. Hala, lau aktore ariko dira eszenatokian lanean, Miñanen istorio gogor bezain hunkigarria kontatzen.
Eta, Dejabu konpainiakoekin biribilduko dute aurtengo Aulestiko egonaldia. Nahiz eta konpainia horretakoak aspaldian antzezlanik ondu barik ibili diren, ez dira geldi egon, eta bueltan datoz orain. Hala, euren buelta iragartzen duen Itzulera obrarekin bueltatu dira antzerkietara. “Itzuli egin dira eta gogotsu gaude denok euren proposamen berria ikusteko”, dio Lipusek. Hiru aktore eta bideogile bat igoko dira oholtzara, zuzenean sortutako film baten moduko obra erakustera. Gainera, Dejabukoak ere ikastaroetan irakasle modura egongo direla jakinarazi du Artedramako kideak.

ArteDrama.
Laborategiak.
Arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagune da ADEL, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea. Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenen arteko eztabaidak, jakintzak eta elkartrukeak sustatzeko asmoz biltzen dira, astelehenik zapatura, urtero. Baina, horientzako topagune ez ezik, antzerkia ikasi nahi dutenen gunea ere bada. Hala, antzerkiaz gozatzeko, baina baita ikasteko ere balio du ADELek.
Aurten, 15 edo 16 izango dira ikasleak, eta sei irakasleak. Antzerki laborategian bilduko dira, eta denetariko aspektuak jorratuko dituzte, egunean zortzi orduz, irakasle bakoitzak zortzi orduko ikastaroak eskainiko baititu.
Iraolak gorputz adierazmena landuko du, bakoitzaren muga fisiko eta mentalak arakatuz. Urrozek, aldiz, ekintzetan jarriko du fokua: nola lortu irudi edo hitz bat ekintza batean gauzatzea? Nola lortu hitzek gordetzen dituzten irudiak ekintza fisiko bihurtzea? Nola lortu paperean idatzitako pertsonaiari bizia ematea?
Lipusek aktoreentzako teknika ezberdinen ezagutzan sakonduko du, alde teknikoak jorratuz ondoren alde poetikora pasatzeko. Inprobisazioak eta ekintza txikien sorkuntzak hartuko dute garrantzia ikastaroaren bigarren zatian. Eta, Metrokoadroka kolektibokoek hitzak irudimenaren zerbitzura jarriko dituzte: “Probokazio ezberdinen bidez, zentzumenak irekitzeko moduak bilatuko ditugu, begirada arintzeko, sorkuntza eszenikorako estrategiak aurkitzeko, materialak sortzeko eta ikerketa prozesuetan murgiltzeko”.
Dejabukoek, euren Itzulera lanean landutako lengoaia izango dute hizpide: objektu edo txotxongilo antzerkia eta zinema zuzenean batzen dituen antzerki lengoaia, hain zuzen. Eta, bestalde, Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarrarekin, ariketa eta jolas ezberdinen bitartez, burua eta gorputzaren arteko konexioa landuko dute. Hau da, modu kontzientean mugimendu aukerak ikertuko dituzte.
Antzerkiaren labirintoan murgiltzeko prest daude ikasleak, prest artistak, eta, prest dago Aulesti. “Aulesti filosofiarekin jarraitzen dugu. Funtzionatzen duen formula bat da, eta espero dugu ikastaroak zein obrak betegarriak izatea, bai ikasleentzako, bai irakasleentzako, bai hurbiltzen den jendearentzako. Zorionez hala izaten da, Aulestin oso ondo funtzionatzen baitu publikoak. Oxala herri guztietan antzerkiarekiko horrelako arreta balego. Uste dut publiko horrek badakiela guzti horren atzean lan bat dagoela, antzerkiarekiko atxikimendua bihotzetik ateratzen dela. Antzerkia bizi dugu, eta publikoak eskertzen du jaialdiari jartzen diogun mimoa, bai herritarrek, bai herritik kanpotik bertaratzen direnek”, adierazi du Lipusek.

Iazko ADELeko ikasle taldea. Argazkia: Ainhoa Resano.
Jende berriari lekua egingo diote oraingoan ere, eta belaunaldi ezberdinetako artisten bilgune bihurtuko da herria. Lurraldetasuna ere kontuan izan dute, eta oraingoan, Nafarroatik, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorriko dira antzerki talde ezberdinak.
Hori da prestatu duten menua, aberatsa: “Kanpoan ere beste antzerki talde eta proposamen asko geratu dira. Zorionez gero eta antzerki eta antzezlan gehiago ari gara egiten, euskal sorkuntza pil-pilean dago. Beraz, publikoa hurbiltzera eta antzerki ezberdin hauek ikustera gonbidatzen dugu”.
EGITARAUA.
Astelehena, apirilak 21.
21:00. Kultur aretoan, Arene Onaindiaren Le noveau menú du chef.
Ondoren. Kultur aretoan, Aitzol Iraolaren Hustu.
Martitzena, apirilak 22.
21:00. Kultur aretoan, Metrokoadroka kolektiboaren Artxibo biluzia.
Eguaztena, apirilak 23.
21:00. Kultur aretoan, Mikele Urrozen Mendia.
Eguena, apirilak 24.
22:00. Frontoian, Tripak kolektiboaren Platea.
Barikua, apirilak 25.
22:00. Frontoian, Artedramaren Miñan.
Zapatua, apirilak 26.
22:00. Frontoian, Dejabu konpainiaren Itzulera.