Irati Arangurenek eta Noa Vegak irabazi dute V. Lea-Artibai Txallengea
Lekeitiok, Markina-Xemeinek eta Berriatuak hartu dituzte barikutik [apirilak 25] domekara [apirilak 27] etapa amaierak. Berdintasuna izan da nagusi.

Lea-Artibai Txallengea egutegian egonkortzen doa. Aurtengoa bosgarrena izan da, eta ikuskizun bikaina eskaini dute txirrindulariek. Hain zuzen ere, berdintasuna izan da nagusi hiru egunetan eta azken lasterketara arte ez dira irabazleak erabaki. Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteek elkarlanean antolatutako lasterketak eskualdeko errepideak hartu ditu barikutik [apirilak 25] domekara [apirilak 27] bitartean.
Lekeitio antolatzaile bezala sartu zenetik, urtero bezala erlojupekoagaz hasi dute Lea-Artibai Txallengea. Ibilbide motza izan da, tarte handirik ez egiteko modukoa, bestela lasterketa lehen egunean erabakitzeko arriskua egon daitekeelako. 183 txirrindularik eman zuten izena, 71 kadete mailan eta 94 nagusietan. Gazteenen artean bizkorrena Gisela Herrero izan zen 6 minutu eta 7 segundoko denboragaz. Nagusietan, berriz, Irati Arangurenek bere lehen erakustaldia eman zuen eta 5:52ko denboran osatu zuen 3,85 kilometroko ibilbide laburra.
Zapatuan [apirilak 26] euria egin bazuen ere, 196 txirrindulari agertu ziren irteera lerroan. Etapa gogorra izan zen eguraldiagatik, eta urrats bat faltsuan emateko beldurraren aurrean, azkenera arte ez zen lasterketa erabaki. Azken metroetan erabaki baitzen, esprintean Naxara Odriozolak aurrea hartu zion Noa Vega bizkaitarrari helmugan. Hau da, hirugarren eta azken egunerako, Herrero eta Vega sailkapen orokorrean berdinduta zeuden, eta Odriozola lau segundora bakarrik.
Open mailan, juniorrak, 23 urte azpikoak eta nagusiak hartzen dituena, ezin izan zen behar bezala amaitu. Bertan behera utzi behar izan zuten Gontzugaraiganako lehen jaitsieran eroriko asko egon zirelako eguraldiagatik, bi txirrindulari oso larri egon ziren eta artatu ostean anbulantzia barik geratu ziren, eta antolatzaileek bertan behera utzi zuten etapa.
Zabalik
Hau da, domekako [apirilak 27] Berriatuko azken etaparako oraindik ez zegoen ezer erabakita. Kadete mailan ez zen azken kilometroetara arte erabaki. Multzo handi bat heldu zen helmugara eta bizkorrena Vega Iglesias izan zen. Hori bai, bertan sartu ziren Odriozola eta Vega, baina ez Herrero. Horrenbestez, Baque Movistar Team taldeko Vegak izendatu zen garaile, Odriozola bi segundora eta Herrero bederatzira geratu ziren azkenerako.
Nagusietan Andoaingo txirrindulari elkarteko Arangurenek ez zuen barkatu eta bigarren garaipena lortu zuen. Esprintean gailendu zen Euskaldun Torneoko junior mailako liderrak. Sailkapen orokorrean 7 segundo sartu zizkion Alejandra Neirari eta 22 segundo Diana Smirnovari.
Lekeitioko, Markina-Xemeingo eta Berriatuko txirrindulari elkarteek balorazio “positiboa” egin dute V. Lea-Artibai Txallengeaz. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete laguntzaile lanetan aritu diren herritar guztiei.