Mezua, ozen eta argia: gutxieneko soldata hemen erabakitzea
Gehiengo sindikalak gaur, Maiatzaren Lehenean abiarazi du ofizialki Hego Euskal Herrian Lanbide arteko Gutxieneko Soldata lortzeko sinadura bilketa. Gastu militarrerako euro bakar bat ere ez gastatzea eskatu dute.

Sindikatuen deiari erantzunda, langileek Euskal Herriko kaleak aldarrikapenez bete dituzte gaur (maiatzak 1) Maiatzaren Lehenean. “Soldatak hemen erabakitzea” eskatu dute deialdi desberdinetan LABek, ELAk eta Steilasek, baita ESKk, Hiruk eta Etxaldek ere bai. Hala, gehiengo sindikalak gaur abiarazi du ofizialki Hego Euskal Herrian Lanbide arteko Gutxieneko Soldata lortzeko sinadura bilketa, Gasteizko eta Iruñeko Legebiltzarren bidez HEL (Herri Ekimen Legegile) bat sustatzeko. Steilasek, berriz, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleek abiatutako greba dinamiketan jarri du fokua gaurko mobilizazioetan, eta, EHKSk gerra inperialista eta Europako estatuen berrarmatzea” izan ditu hizpide.
LABek denen bizitzak erdigunean jarriko dituen eta enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatuko dituen eredu baten alde egin du gaur, aldarrikapen nagusia gutxieneko soldata eta pentsio propioak ezartzea izanik. Hain zuzen ere, Igor Arroyok LABeko idazkari nagusiak erreferentzia egin dio “urrats estrategiko bati”: “Gutxieneko pentsio eta gutxieneko soldata ezartzea Euskal Herrian, langile guztiei babesa emateko”.
“Aberastasuna banatzeko eta langileen arteko arrakalak murrizteko ezinbestekoak diren neurrion aldeko ekimen betetan dator aurtengo Maiatzaren Lehena”. Izan ere, Gutxieneko Soldata Propioa eta duina lortzeko bidean, bi ekimen ditu martxan gehiengo sindikalak: negoziazio kolektiboaren bidez egin beharrekoa eta berriki martxan jarritako Herri Ekimen Legegilea.
Negoziazio kolektiboaren mahaian esertzeko aukerari uko egin diola Confebaskek gogoratu du Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiak: “Bere benetako aurpegia erakutsi du, eta bizkarroi bat bezala jokatu du: Instituzio eta jendarteagarengatik jasotzen du, bai, baina ez du bere betebeharra betetzen. Beraz, argi eta garbi diogu aurre egingo diogula bere ezezkoari”.
Herri Ekimen Legegileari buruz, dio, “klase elkartasun ariketa” izango dela, baita “ariketa soberanista” ere.
ELAk Bilbon eta Iruñean egin ditu manifestazioak, eta Bilbotik, Mikel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusiak lehendakariari eskatu dio inplika dadila Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) propio baten alde egiteko. Duela hilabete batzuetatik, ELAk Lanbidearteko Gutxieneko Soladata hori 1.795 eurotan finatu zuen, “aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko”, jakinda milaka langile daudela soldata hori jasotzen ez dutenak, batez ere sektore feminizatu zein arrazializatuetan.

ELA sindikatuaren mobilizazioa Bilbon.ELA
LGS Euskal Herrira ekartzea “lehentasun estrategikoa” da sindikatuarentzat: “Lehendakariari argi esan diogu: ekidistantzia ez da posible, ezta onargarria ere, pertsona prekarioenen bizi baldintzez ari garenean”. Lehendakariari galdetu diote ea LGSa hemen erabaki behar dela uste badu, eta, hala balitz, lanari ekiteko gonbidapena luzatu diote. Ildo horri jarraituz, Lakuntzak gogoratu du LGS propio baten aldeko borrokak eztabaida sakonagoa azaleratzen duela: “Lanaren, pentsioen, babes sozialen.. lege gehienak Madrildik inposatzen dira. Eta, bitartean, Gasteizen, hiru indar politiko nagusiek dagoeneko aurreratu dute ustez badagoela adostasuna estatutuaren erreforma baterako. Baina, zer zentzu du estatutu berri batek ez badugu eskumenik gure eguneroko bizitzari gehien eragiten dionaren gainean?”.
Gastu militarrerari ezetza.
ELAko idazkari nagusiak gobernuen bilakaera gerrazalea ere salatu du. “Militarizazio globaleko prozesu honetan, NATOren protagonismoa salatu nahi dugu. Gainera, ELAk oso argi utzi nahi du: Pradalesek eta Chivitek gastu militarrari emandako babesa bereziki larria da. Gure gizartea gerra dinamika batean bete-betean sartzea legitimatzen dutelako, giza eta gizarte ondorioei buruz hausnartu gabe”. Alternatiba modura, ELAk politika industrial berri baterako “planteamendu oso bat” aurkeztu dio Eusko Jaurlaritzari. “Ekimen publiko sendoagoa behar da produkzio eredu jasangarriago baten alde egiteko: langileek parte-hartzea bermatuta izan behar dute, eta ekoizpena herrialdean errotuta egon behar da”.
Steilasek, sinadura bilketaren aldeko hautua plazaratzeaz gain, hezkuntzan behar desberdinei erantzuteko baliabideak gehitzea, enplegu publikoa mantentzea, egonkortasuna lortzea edota plantilak gazteberritzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. “Horregatik, orain inoiz baino gehiago, Euskal Eskola Publikoa erdigunean jarriko duen politiken alde borrokatzen jarraituko dugu, Soilik Euskal Eskola Publikoaren bitartez lor daiteken gizarte kohesioa dugulako helburu”.

EHKSren mobilizazioa Bilbon.EHKS
HEKSk gerra inperialistaren eta Europaren berrarmatzearen kontrako aldarria eroan du erdigunera Maiatzaren Lehenean: “Kapitalisten arteko gerretan langile klaseko kideok ateratzen gara galtzaile. Horregatik da beharrezkoa gerra inperialistari eta bere oinarrian dagoen kapitalismoari aurre egitea”. Ondorioz, gerra inperialistaren eta faxismoaren aurkako lehen lerroan egongo dela esan du, horien aurka mobilizatzeko beharra nabarmenduta: “Europar Batasunari, ez. OTANi, ez. Aurrekontu militaristei, ez”. Eta, gainera baita langile klasearen batasuna bultzatzen segituko dutela ere adierazi dute. Horri lotuta, nazioarteko alderdi iraultzaile handiak eraikitzeko premia seinalatu dute.
Aldarrikapen guzti horiez gain, Maiatzaren Lehenean ez dira falta izan, Palestinarekiko elkartasun mezuak.