Berriatuarrak jai gosez daude
Zapatuan [maiatzak 3] hasiko dira Berriatuko San Gregorio jaiak eta maiatzaren 18ra arte luzatuko dira, askotariko ekintzekin. Ohiko egitaraua mantendu nahi izan dute, besteak beste, herri kirolekin, kontzertuekin eta paella txapelketagaz.

Badatoz Berriatuko San Gregorio jaiak. Bihar [maiatzak 3] hasi eta maiatzaren 18ra bitartean luzatuko da jai giroa, jai batzordeak hamaika ekintza antolatu dituelako jai giroko zazpi egun handietarako.
Azken urteetan gertatu bezala, aurten ere Gazte Egunagaz emango diete hasiera sangregorioei. Gazteek dute jai girorako gogo eta iraupen handiena, eta, horregatik, astebete aurreratuko dituzte ospakizunak. Bihar emango diete hasiera, eta berritasunik gabe egitarauari dagokionez. Ez dutelako askorik behar jai giroa sortzeko. Bazkarian 100 lagun inguru elkartuko dira, Gazte Egunaren helburu nagusia herriko gazteentzako espazio bat sortzea delako. Bazkalostean jolasak egingo dituzte, gaueko kontzertuak ailegatu arte. Obego, Iluntzean eta DJ Emabil izango dira 22:00etatik aurrera jai giroa luzatzeko arduradunak.
Gazteek umeei emango diete erreleboa, maiatzaren 8a haien eguna izango baita. 10:00etatik 13:00etara herriko txikienentzako jolasak egingo dituzte. Haiek dira Kaxeroren jaitsierarako urdurien egongo direnak, denbora-pasa behar dutenak momentua handia heldu arte. Kaxero Gaupaserok herriko kaleak zeharkatuko ditu kalejiran, iaz lehen aldiz ateratako erraldoi eta buruhandiekin batera. Herritarrak udaletxe aurrera eramango dituzte dantza eta kanta artean. Aurten, Foro Feminista izango da pregoia irakurtzeko arduraduna. Jai giroa luzatzeko, 20:00etan Olatz Salvadorrek kontzertua eskainiko du.
Baina jaietako egun handia, zelan ez, San Gregorio eguna izango da. Tradizioari jarraituz, mezagaz emango diote hasiera maiatzaren 9ari. Gero, ohi bezala, herri kirolentzako tartea egongo da, asko direlako plazan elkartzen diren nagusiak. Izen handiak ariko dira lanean, besteak beste, Ugaitz Mugerza Euskal Duatloiko txapelduna eta Iker Vicente Euskal Herriko txapelduna ariko dira aizkoran. Udane Ostolaza, Estefi Etxebeste eta Inhar Urruzuno harri-jasotzaileek ere ikuskizun ederra eman nahiko dute mota guztietako harriak altxatzen dituzten bitartean.
18:00etan Herrialde Katalanateko Viladamat herri lagunekoei harrera egingo diete udaletxean. Hortik aurrerakoak musikak girotuta egingo dituzte. Lehendabizi Sarats dantza taldearen emanaldia izango dute. Gero, 21:00etan, play-back saioa egingo dute. Berriatuarren parte hartzea handia izaten da, eta ikuskizuna ahalik eta ondoen antolatzeko, izena emateko epea zabaldu dute. Maiatzaren 8ra arte dute aukera herritarrek.
Emanaldirako aukeratutako kanta MP3 formatuan entregatu beharko dute udaletxean bertan izena emateagaz batera. Bi aukera zabaldu dituzte. Batetik, pendrive batean eman daiteke, bakarrik play-backeko ikuskizunerako kanta gordeta. Bestetik, kulturaberriatua@gmail.com helbidearekin partekatu daiteke abestia Drive plataformatik. Jai batzordetik argitu dute partekatzen dutenek baiezko erantzuna jasoko dutela. Erantzunik ez jasotzekotan, udaletxean abisatzeko eskatu dute.
Jai batzordeak garrantzia berezia eman nahi izan die aurtengo kontzertuei, eta barikuan inguruko herrietako gazteak erakartzeko intentzioagaz izen handiko taldeak egongo dira: Desein, La Txama eta Bad Sound. La Txamak azken orduan Streetwise ordezkatu du.
[IKUSI SANGREGORIOETAKO KONTZERTUAK]
Maiatzaren 10a gehiago izaten da berriatuarrentzako eguna. Goizetik kuadrillak elkartuko dira elkarrekin paella lehiaketan parte hartzeko. 14:00etarako aurkeztu beharko dira, eta ostean elkarrekin bazkalduko dute plazan. Maru eta Lami erraldoiak ere bertan egongo dira kalejira egin ostean. Jai giroa luzatzeko, Elektrotxorongok musika jarriko du, eta gaua Zutik erromeriagaz eta DJ Fresa Morangogaz luzatuko dute.
Jarraipena
Domekan, Berriatuak Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketaren lehen jardunaldia hartuko du, 680 kiloko mailan. Gero, Andoni Ollokiegiren musikagaz agurtuko dute sangregorioetako astebururik indartsuena.
Aurrerakoak ekintza solteagoak izango dira. Maiatzaren 17an kirolez betetako eguna prestatu dute. Goizean goiz BTT martxa antolatu dute, eta 16:00etatik aurrera, 37. San Gregorio Txapelketako finalak hartuko ditu Mendibarren frontoiak. Hurrengo egunean, berriz, gimnastika erritmikoko emanaldi berritua izango dute berriatuarrek ofizialki jaiak agurtzeko.
Jai batzordetik eskerrak eman nahi izan dizkie San Gregorio jaiak antolatzeko lagundu eta lagunduko duten herritar guztiei.