‘Indarkeria matxista jai eremuan’ formakuntza antolatu du udalak
Barikuan [maiatzak 9] emango diote hasiera, 18:00etan, Iñigo Egiluz aretoan. Mozorro lehiaketan izena emateko epea ere zabaldu dute.
Ispasterko Santiago eta Santa Ana jaiak heltzeko oraindik bi hilabete falta diren arren, udala dagoeneko pixkanaka prestaketa lanetan hasia da. Hain zuzen ere, azken urteetan bereziki lantzen ari diren arlo bat zaintzen jarraitu nahi dute: indarkeria matxistaren aurkako lana. Horretarako, Indarkeria matxista jai eremuan formakuntza antolatu dute. Barikuan [maiatzak 9] emango dute lehen saioa, 18:00etatik aurrera, Iñigo Egiluz aretoan.
Guztira hiru saio izango direla aurreratu dute, eta datak hurbildu ahala argitaratuko dituzte hurrengo hitzorduak. Formakuntzan jaietan eman daitekeen indarkeriaren aurrean eman beharreko pausoak zehaztuko dituzte. Prestakuntza edozeinentzat “irekita” badago ere, “batez ere eta bereziki jaietan puntu moreak diren boluntarioentzat” bideratuta dagoela azaldu dute.
“Arretatik haratago landu beharreko eremuen inguruko hausnarketa sustatuz, jai eremuetan ematen den indarkeria matxistaren lanketan sakontzea eta lan hori burutzeko beharrak identifikatzea izango da helburua“, adierazi dute antolatzaileek.
Deialdia
Bestalde, Ispasterko jaietarako mozorro lehiaketa era martxan jarri dute jai batzordetik, eta izen ematea zabaldu dute. Antolatzaileen helburua da gutxienez zortzi taldek izena ematea, eta parte hartzeko deia zabaldu dute. Udaleko webgunean edo zabaldu duten QRaren bidez eman daiteke izena, ekainaren 13a baino lehen. Ordurako nahi duten kopurura heltzen ez badira, jai batzordeak erabakiko du ekitaldiagaz zer egin.