Asier Galarza gailendu da Munitibarko saioan
Abian da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako Udaberria Bertsotan sailkapen fasea. Atzo, Munitibarren eta Bakion lehiatu zituzten lehen saioak, eta Asier Galarza eta Imanol Uria Nagusitu ziren, hurrenez hurren.

Txapelketa urtea da aurtengoa Bizkaiko bertsolarientzat. Eta dagoeneko hasi dira doinuak plazaratzen: Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako Udaberria Bertsotan sailkapen faseak hasi du bere bidea. Munitibarren eta Bakion lehiatu zituzten atzo lehenengo saioak, eta Asier Galarza bertsolari muxikarra eta Imanol Uria algortarra gailendu ziren, hurrenez hurren.
Munitibarko probalekua izan zen bertsoaren etxea atzokoan, eta, 194,5 puntugaz, bertsolari muxikarrak irabazi zuen. Puntu banaketari erreparatuta, zortziko txikian, puntu-erantzunetan eta bakarkakoan nagusitu zen Galarza, eta sailkapenean bigarrena izan zen Maite Sarasolak berak baino puntu gehiago lortu zituen zortziko handian. Sarasola sailkapenean bigarrena izan zen eskuratu zituen 188 puntuei esker. Haren atzetik sailkatu zen Beñat Bilbao gernika-lumotarra, hirugarren, Sarasolak baino 13 puntu gutxiago eskuratuta (175 puntu).
Lehen postu horietan puntuetan aldea egon zen, baina laugarren eta bosgarren postuetan estu ibili ziren bertsolariak: Ander Elorriagak laugarren egin zuen 149,5 puntugaz, eta hiru puntu gutxiagogaz Illart Gumuzio izan zen bosgarrena (146,5 puntu). Sigarren sailkatu zen, berriz, June Diaz, 136 puntugaz.
Saio horretan, Leire Garatxena ibili zen gai-jartzaile lanetan, eta epaileak izan ziren Ander Txakartegi, Mirari Azula eta Miriam Juaristi. Idazkaria, aldiz, Itziar Basterretxea izan zen.

Bakioko saioa.Bizkaiko Bertsozale Elkartea
Bakioko saioan ere izan zen eskualdeko ordezkaritza; Alexander Idoeta ondarrutarra aritu zen. Uria izan zen irabazlea, 212 puntu lortuta, eta ariketa guztietan punturik gehien eskuratuta. Haren atzetik geratu zen Jone Larrinaga, 186,5 puntugaz, eta, Alexander Idoeta ondarrutarra izan zen hirugarrena: 171 puntu lortu zituen guztira.
Haren atzetik, 169,5 puntutara berdinduta, Ion Berrocal eta Asier Alcedo geratu ziren laugarren eta posgarren postuetan. Eta, horien ostean, seigarren lekuan, Julen Ibarguengoitia sailkatu zen, horiek baino puntu eta erdi gutxiagogaz: 168.
Bakioko saioan Jon Amezaga izan zen gai jartzailea, Garazi Mendoza, Leire Etxebarria eta Martiz Ortiz epaileak, eta, Itxaro Juaristi, berriz, idazkaria.
Hurrengoak.
Udaberria Bertsotan faseko hurrengo saioak datorren astean izango dira, maiatzaren 15ean (eguena), Balmasedan eta Orozkon.
Balmasedako Areto Nagusian eta Orozkoko Donibane Aretoan eskualdeotako ordezkariak ere egongo dira. Lehenengioan Janire Arrizabalaga gernika-lumotarrak parte hartuko du, honako bertsolariekin batera: Aitor Arrutia Azkueta, Araitz Katarain Mugarza, Enara Gallastegi Barrenetxea eta Ixone Asategi Narbaiza. Bigarrenean, ostera, Ander Sarriugarte Garcia, Ander Uzelai Aristi, Arkaitz Zipitria Mendizabal, Eneko Barruetabeña Bilbao, Inazio Vidal Gurrutxaga eta Irune Basgoiti Agirre oholtzaratuko dira.